“Konponbideak behar ditugu neguko hilabeteei begira”

0
1341

Arrasateko ostalariek “oso zailak” aurreikusten dituzte datorren neguko hilabeteak

Terrazak ostalaritzaren aliatu nagusi bihurtu dira azken hilabeteetan. Ekainaren amaieran alarma egoera amaitu zenetik, tabernetako eta jatetxeetako negozioek bizirautea lortu dute, zailtasunak zailtasun, giro onaren eta jendeak terrazetara hurbiltzeko izan duen borondateari esker. Hala ere, neguaren eta hotzaren etorrerarekin, lokalek beltz ikusten dute etorkizuna, eta gehienak ados jartzen dira Udalari irtenbide bat eskatzeko.

Arimazubiko Zeppelin tabernako arduradunen arabera, nahiz eta gauerdiko ordu muga ez zaien arazo handia suposatu, beste zailtasun batzuk izan dituzte: “Orain ezin gara taberna barruan sartzen diren bezeroen mende soilik egon, edukiera mugatua dagoelako; beraz, jendea eroso egon dadin toldoak eta elementu guztiak jartzeaz arduratu behar dugu”.

Taupa tabernan ere bezero kopuruak behera egin du: “Guk oso lokal txikia daukagu eta terrazaren menpe gaude. Barnealdeko edukiera oso txikia denez, datozen hilabeteetan ez dakigu zer gertatuko den. Gainera, litekeena da jende askok barruan egon nahi ez izatea terrazan lekurik ez duenean edo eserita egoteko hotz handiegia egiten duenean”.

Ostalarien arabera, bezero kopuruak nabarmen egin du behera eguraldiak okerrera egin zuenetik. Zeppelinen diotenez, unibertsitatetik datozen ikasleen kopuruan ere nabaritu da: “Unibertsitatea oso lagungarria izan zaigu beti, eta hemen beti aprobetxatu ditugu ikasleen ordu libreak. Hala ere, birusaren etorrerarekin, ordu libreak asko murriztu dira eta ez dugu ikasle kopuru bera. Alde horretatik, Online ikasketek ere ez digute lagundu, ez baitago lehengo bezero kopuru bera”.

Taupan ere beherakada nabaritu dute: “Asko nabaritu da jendea gutxiago jaisten dela terrazetara. Aurtengo urria euritsua izan dugu, eta hori nabaritu da gure terrazara etorri den jende kopuruan “.

Gauza berbera diote Buenuenatik: “Alarma egoeratik atera ginenean, terrazako espazioa handitzeko baimena eman ziguten, eta horrek asko lagundu digu, baina lokalaren barruko edukiera ez da oso handia, eta terrazaren mende gaude. Orain, eguraldiak okerrera egin duenez, jendea gutxiago etortzen dela nabaritu da, eta, beraz, datozen hilabeteak oso zailak izango dira”.

Neguari begira, Zeppelin bezalako lokal askok berokuntza bezalako elementuak instalatzea pentsatu dute, baina horretarako Udalaren laguntza beharrezkoa dela uste dute: “Guk gaur egun karpa eta toldoa jartzen ditugu, baina ez dugu baimenik gauez uzteko eta egunero kendu behar ditugu. Baldintza horietan ezin dugu pentsatu berokuntza bezalako beste elementu batzuk instalatzea, horiek kentzea eta hurrengo egunean berriz jartzea lan handia izango litzatekeelako”. Taupa tabernako arduradunek ere erabaki gehiago eskatu dituzte, eta datozen asteetan Udalak bere iritzia ematea espero dute.

Buenuenan ere laguntzak eskatu dizkiote Udalari: “Guretzat ezinbestekoa litzateke karpa bat edo toldo handi bat izatea gure bezeroak euritik babesteko. Orain, hori gertatzen denean, irtenbide bakarra mahaiak plazaren ertzetan sartzea da, baina gune horretan jartzeak oinezkoei bidea oztopatzen die”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen