“Konponbideak behar ditugu, auzoa oso egoera okerrean dago”

0
4313

Doneztebe Portuko eta Santa Teresa kaleetako bizilagunek bat egin dute auzotarren elkarte berri batean, eta gaur arratsaldean aurkeztu dute.

Auzokideak aspalditik ari dira salatzen udal arduradunek hobekuntza garrantzitsuak egin behar dituztela auzoan: “Denbora daramagu inguruan ditugun hainbat arazorentzako konponbidea eskatzen, eta adabaki txikiak jarriz egiten dute aurrera. Benetan behar duguna zera da: inguru horretan birmoldaketa garrantzitsu bat egitea. Ez dugu interes politikorik honetan”.

Duela gutxi sortutako auzo-elkarte berri horretako kideen hitzetan, Arrasateko bizilagun askok dute balizko hobekuntza horien premia: “2017ko erroldak azaltzen du 1.022 bizilagun bizi zirela bertan. Horietatik %25 inguru 65 urtetik gorakoa da. Urte horretan, idatziz jaso zen zonaldeko segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko zenbait lan egingo zirela, 200.000 euroko balioarekin. Inguruan metro eta erdiko sakonera eta zenbait metroko luzera duten zuloak daude, arriskutsuak direnak eta oraindik konpondu ez direnak. Hala ere, diru kopuru handia bideratu da Santa Barbarako ur-parkera. Gu ez gaude proiektu horien aurka, baina gauza batzuei lehentasuna eman behar zaiela uste dugu”.

Auzotarrek, atzo inguru horretan egin zen aurkezpen ekitaldian, hainbat hobekuntza salatu zituzten, eta, haien ustez, konpondu egin beharko lirateke: “Auzo honetan eskailera asko ditugu, eta horiek arazo bat suposatzen dute adineko bizilagunentzat, eta errepidera joaten dira; barandak oso egoera txarrean ditugu, espaloiak beheratu gabe eta zebra-bideak ere margotu barik. Lehen aipatutako arazoak ere kontuan hartu behar dira. Gainera, herritar askok arazoak dituzte beren etxeetara iristeko autobusetik jaisten direnean, errepidea zapaldu gabe sartzeko espaloirik ere ez dutelako”. Izan ere, bizilagunek dioten bezala, bere garaian irisgarritasun-planaren barruan identifikatutako arazo asko oraindik ez dira konpondu, denbora luzea igaro den arren.

Beste kexa batzuk ere izan dira: Doneztebeko blokearen atzeko aldean gehiegizko landaretza, banku hautsiak, goroldioa kaleetan eta eskaileretan, oso egoera txarrean.

Era berean, inguruko haurrentzako aisialdi falta salatu dute: “Herriko ia leku guztietan daude haur parkeak, hemen izan ezik. Inguruko haurrek urrutira joan behar dute haietaz gozatu ahal izateko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen