Ko-dozientziari buruzko jardunaldia egin da HUHEZIn, ikastetxeak barne

0
1011


Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko zenbait ikertzailek eta hainbat ikastetxek parte hartu dute, besteak beste, Arizmendi Ikastolak.

Argazkia eta beheko testua: Mondragon Unibertsitatea.

Jardunaldian, parte hartu dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileek, Ana Hernandez irakasle madrildarrak eta Euskal Herriko lau ikastetxeetako ordezkariek.

Ko-dozentziari buruko jardunaldia antolatu du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Irakaskidetza esperientziak ikaste-irakaste prozesuetan izenpean, jardunaldian parte hartu dute Mondragon Unibertsitateko zein kanpoko ikertzaileek; gainera, mahai-ingurua egin dute Arrasateko Arizmendi Ikastolako, Donostiako Larramendi ikastetxeko, Gasteizko Sansomendi ikastetxeko eta Zangozako Zangoza Ikastolakoordezkariekin. Eskoriatzako campusean egin duten jardunaldian 130 irakaslek hartu dute parte.

Esperientzietatik ikasten

Jardunaldiaren helburua izan da ko-dozentziaren oinarriak ezagutaraztea eta ikastetxe ezberdinetan egiten diren gelako praktiken berri ematea. Horretarako, EAE, Nafarroa eta Madrilgo ikastetxe ezberdinetako aritu eta adituek esperientziak eta ezagutza partekatu dituzte.

Jardunaldia hasi da Karmele Perez Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Etengabeko Prestakuntzako zuzendariaren aurkezpenarekin. Perezek fokatu du gaia eta nabarmendu du “ko-dozentzia sistemikoaren” garrantzia, ikaskuntza helburuetara iristeko, barne-hartzen dituen sistema osoa: eskola-saioen antolaketa, espazioak, ikasle eta irakasleen rolak, egiteko moduak…

Lehenengo hitzaldian, Mikel Etxaburu Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak desberdindu du ko-dozentzia eta ikasgela berean irakasle bat baino gehiago aldi berean jardutea. “Ko-dozentziaz ari garenean, pertsona erdian jarrita, zen kolektiboaz ari gara: elkarrekin planifikatu eta aurrera eramatea ikaste-irakaste prozesu osoa”. Etxabururen ustean, “diziplinarteko dinamiketan aritzeko, inoizko tresna da bi, hiru, lau… zazpi irakasle elkarrekin jardutea ikasgelan”. Bukatzeko, Etxaburuk azpimarratu du “erakundearen konpromiso beharra” ko-dozentziak dakarren beharrei aurre egin ahal izateko.

Ana Hernandez Madrilgo Julio Verne Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakasleak ko-dozentzia eta diziplinarteko esperientziak partekatu ditu eta azaldu ditu ikastetxean hasitako eraldaketak izan duen eragin positiboa, tartean, ikasleen kalifikazioetan egon den gorakada. Hernandezek ohartarazi du ko-dozentzia eta diziplinartekotasuna ez dela “orain arte solte eman izan ditugun edukiak bateratzea, baizik eta gelako espazio eta denboraren arteko harremana aldatzea; ko-dozentzia eta diziplinartekotasuna da taldean lan egitea eta irakaskuntzari zentzua ematea”.

Mahai-inguruaren txandan, parte hartu dute lau ikastetxeetako ordezkariek: Gasteizko Sansomendi ikastetxeko Amai Urkizak, Zangoza ikastolako Nagore Oriak eta Eneko Alkortak, Donostiako Larramendi ikastetxeko Jokin Gilisagastik eta Debagoieneko Arizmendi Ikastolako Unai Legardak.

Amai Urkiza Sansomendi ikastetxeko zuzendariak azaldu du ko-dozentziak dituen abantailak, gelen bikoizketen aurrean. Gaineratu du, “behin, ko-dozentzian hasita, klaustroko inork ez lukeela atzera egingo”. Geroago, Zangoza ikastolako Nagore Oria zuzendariak azaldu du, ikastolaren ezaugarriak eta nortasuna ikusita, oso aukeraketa naturala izan dela “ikaskuntza partekatuaren bidea hartzea”. Larramendi ikastetxeko Jokin Gilisagastik azaldu ditu ikastetxean egindako aldaketak.

Ko-dozentziaren onura aipatzerakoan, solaskideek nabarmendu dute klaustroan duen eragin ona: elkarlana sustatu eta elkarren arteko konfiantza hobetzen ditu, irakasleen arteko elkarrizketa metodologikoa errazten du eta hezkuntza proiektuari ekarpen handia egiten dio. Bestalde, ikasleek bizi duten hobekuntzak zerrendatzerako orduan, azaldu dituzte ko-dozentziarekin ikasleek erreferente gehiago dituztela, giro hobea eta gatazka gutxiago daudela ikasgelan eta ikaste-irakaste prozesuan parte-hartzea errazten duela. Amaitzeko, erronken artean, gaiaren gaineko formazio beharra nabarmendu dute.

Ko-dozentzia: berrikuntza metodologikoa

Hezkuntzan gertatzen ari diren berrikuntza metodologiko eta pedagogikoen baitan, ko-dozentzia izaten ari da azken denboran indar handia hartzen ari den elementuetako bat. Ko-dozentziaren helburu nagusia da bi irakasle edo gehiago elkarlanean aritzea irakaste-irakaste prozesuak elkarrekin diseinatu, gelaratu eta ebaluatuz. Ko-dozentziak ahalbideratzen du gaitasun, arlo edo ezagutza eta esperientzia ezberdinak dituzten irakasleak elkarrekin gelan jardutera. Hain zuzen ere, EAEko curriculum berrian jasotzen diren eremukako ikaste esperientziak sustatzeko elementu gakoa izan daiteke ko-dozentzia. Arlo ezberdinetako irakasleak elkarrekin gelan arituz, ikasleari esperientzia aberatsagoa bizitzeko aukera eskaintzen dio. Gelako ko-dozentzia esperientziek ikasleen aniztasunari eta ikaskuntza estilo ezberdinei arreta pertsonalizatua eskaintzen laguntzen dute.

ARGAZKIAK: https://www.flickr.com/photos/huhezi/albums/72177720314064381/

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen