“Klima larrialdiari aurre egiteko, baso autoktonoak gako dira”

0
541
klimatikoa

Garazi Auzmendi adituak hitzaldia eman zuen atzo, azpimarratuz klima larrialdiaren aurka “adin ezberdineko zuhaitzez osaturiko basoak” direla baliotsuenak.

Zuhaitz Egunaren harira, ‘Klima larrialdia eta basoen ekarpena’ izeneko hitzaldia eman zuen atzo Garazi Auzmendi Arkarazo adituak.

Atmosferako CO2 kontzentrazioak eta batez besteko tenperaturek nabarmen egin dute gora Industria Iraultzatik.

Klima larrialdearen “anomaliak Arrasaten oraingoz ez dira nabarmenak, baina planetako beste toki batzuetako egungo anomaliek hemen ere eragiten digute eta eragingo digute”. Jaurlaritzaren eta Aldundiaren arabera, Gipuzkoarako aurreikuspenen arabera:

  • 1’5 eta 5 grado artean igoko da batez besteko tenperatura
  • Bero boladak luzeagoak eta maizago izango dira
  • Prezipitazioa %10 eta %20 artean gutxituko da
  • Euriteak bortitzagoak izango dira
  • Lehorraldiak luzeagoak izango dira

Klima larrialdiak “kalteak eragingo ditu ingurumenean, gizartean eta ekonomian”. Horren aurrean, hartu beharreko neurriak dira:

  • Negutegi efektuko gasak murriztea
  • Gizartearen eta lurraldearen egokitzapen eta erresilentzia gaitasunak handitzea

“Basoek klima larrialdia arintzeko ahalmena dute, atmosferako CO2 kontzentrazioa gutxituz”. Adituak ezberdindu zituen “zuhaitz landaketak eta basoak”.

Basoek karbono hustulekuak dituzte, zuhaitzek karbono behar dutelako eta zuhaitzek hartutako karbonoa “basoko lurrazpira pasatzen dutelako”.

Karbono erreserbak baldintzatzen dituzten faktore nagusiak:

  • Klima
  • Zuhaitzen adina
  • Kudeaketa mota
  • Sustrato geologikoa

Nola hobetu daiteke karbono hustulekuen gaitasuna? “Basoko ekosistemak naturalizatuz”, eta basoak naturalizatzen dira:

  • Zuhaitz espezie autoktonoekin
  • Espezie exotikoak saihestuz
  • Espezieen aniztasuna sustatuz
  • Basoen heldutasuna eramaten
  • Egur hilaren presentzia handiagotuz
  • Egur hustiakuntzaren intentsitatea gutxituz

Horiek kontuan hartuta, Gipuzkoako egoera zehaztu du eta egoera hobetze aldera hipotesi bat planteatu da karbono hustulekuei buruz:

  • Espezie exotikoak kenduta, %54 hobetuko litzateke
  • Espezie autoktonoak soilik izanda, %207 hobetuko litzateke

Aintzat hartu behar da egungo kudeaketa intentsiboaren ondorioz “lur ugari galdu dela eta geratzen den lurra pobretu egin dela”. Basoaren onura batzuk dira:

  • Ur-fluxuen kontrola
  • Ur-baliabideen babesa
  • Lurzoruaren babesa
  • Hezetasunaren eta tenperaturaren kontserbazioa
  • Bioaniztasuna

Ordea, zuhaitz landaketa “espezie bakarrekoa, exotikoa eta bertako zuhaitzak adin berekoak direnean, askoz hauskorragoa da izurriteen, lehorteen, errentagarritasun ekonomiko arriskuaren, suteen,… aurrean”. Gipuzkoan %60tik gora zuhaitz landaketa da.

Basoak “erresilentzia handiagoa dauka espezie autoktono ezberdinak, genotipo ezberdinekoak, adin ezberdineko arbolak,… dituenean”.

“Basoak gako dira klima larrialdiaren aurrean, baina basoak bere horretan ez dira nahikoak”. Oro har, “ikasi behar dugu modu jasangarriagoan kudeatzen guztion onurarako”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen