Kataideko bidegorria egiteko baimena jaso du Aldundiak Ura Agentziatik

0
975

Aldundiak baimen hori behar du egitasmoaren lizitazioa zabaltzeko. Bidegorria 690 metro luze izango da, eta oraingo pasealekua baino zabalagoa izango denez, errekaren ertzaren zati bat hartzekoa da.

Udalak eta Aldundiak iazko irailean prentsaurrekoa eskaini zuten Kataiden, eta iragarri zutenez, bidegorria “2020ko lehen seihilekoan prest” egongo zen.

Hala ere, egitasmoak atzerapena izan du, eta Arrasateko EH Bilduk 2020ko irailaren 24ean hedabideen bitartez galdetu zuen ea “Bidegorri berri bat Kataiden, noizko?”.

Handik bi egunera, Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak, Rafaela Romerok, komunikabideen bidez jakinarazi zuen “Aldundia Ura Agentziaren baimenari itxaroten” zegoela.

Ura Agentziak gaur ziurtatu digu Aldundia obrak egitea baimendu ziola aurtengo irailaren 30ean, telematikoki jakinarazitako agiri ofizial batekin.

Rafaela Romerok irailaren 26an iragarri zuenez Aldundiak “baimena jaso eta berehala, Aldunditik lizitazioa egingo da”.

Bidegorri hau 690 metro luze izango da, eta oinezkoek eta txirrindulariek erabili ahalko dute. Kataide industrialdeko egungo pasealekuaren ibilbide berbera izango du.

Horretarako, obrek egungo bidea zabalagoa egingo dute, hobetuko dute eta ingurunea txukunduko dute. Obrek 227.199’19 euroko aurrekontua dute.

Egitasmoak aurreikusten du oraingo pasealekua zabalagoa egitea, eta horretarako errekaren ertzaren zati bat okupatzekoa da bidegorria.

Horrek zailtasun batzuk eragin zituen, 2019ko prentsaurrekoan azaldu zutenez. Ura Agentziak azaldu digu “Aldundiak eskatutakoa baimendu diola Ura Agentziak, eta baimen horrek baldintza bat edo beste jaso dezakeela”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen