Testua: Isei Barbero – ART.
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Euskal Ligako 1. Mailan lehiatuko dute datorren denboraldian. Horrela erabaki du Euskadiko Errugbi Federazioko zuzendaritzak astelehen honetan –maiatzak 4- izandako Ezohiko Batzar Orokorrean. Jakinekoa da Euskal Ligak etenda geratu zirela martxoa erdialdean Covid-19aren krisi sanitarioaren ondorioz eta, hasiera batean nuluak bezala uzi bazituen ere, Federazioak lehiaketa hauek guztiak –senior, 18 eta 16 urtez azpikoak- amaitutzat ematea erabaki du.
Testuinguru honetan, “txapelketak amaitu barik daudela kontuan izanda eta, jokatzeke dauden jardunaldiak jokatuta amaierako sailkapena eranskinetan agertzen denarekin alderatuta beste bat izan zitekeela kontuan izanda, ez da inongo txapeldunik izango gizonezko seniorren 1. eta 2. Mailan, ezta 18 eta 16 urtez azpiko kategorietan ere”, ebatzi du Euskadiko Errugbi Federazioak.
Igoera eta jaitsieren kasuetan, baina, agintariek txapelketak eten zirenean kategoria bakoitzak erakusten zuen sailkapena aintzat hartu dute. Gauzak horrela, Euskal Ligako 2. Mailako igoera fasearen bigarren itzulia hasi berri zegoenean Kanpanzar Arrasate lidergoan zela, Julen Barrutiaren mutilak zuzenean igoko dira Euskal Ligako 1. Mailara. Merezita oso, zalantza izpirik gabe, honako saria, Kanpanzar Arrasatek 2019-2020 denboraldian jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi baititu.
Honetaz galdetuta, taldeko entrenatzailea pozik agertu Federazioak hartutako erabakiarekin: “Hasiera batean, Federazioak aurtengo ligak nuluak deklaratzea erabaki zuenean ez zitzaidan oso bidezkoa iruditu, honezkero ligako %80a jokatuta zegoen eta lau partidu baino ez baitziren geratzen denboraldia amaitzeko”. Zentzu honetan, teknikari zuri-moreak bere taldeak egindako lana aldarrikatzen du: “Jokatutako 16 partiduak irabazi ditugu, horregatik moralki txapeldunak sentitzen gara, nahiz eta Federazioak titulu hori ez eman”.
Denboraldi hasiera
Aurtengo denboraldia amaitutzat eman eta gero, begi guztiak hurrengoari begira daude jarrita jada eta, kasu honetan ere, zalantza asko daude. Izan ere, 2020-2021 denboraldiaren hasiera osasun egoerak finkatuko du. Aurreko urteetan iraila eta urria inguruan jarri da baloia jokoan eta, horren inguruan, Euskadiko Errugbi Federazioak oraindik ez du inongo iragarpenik egin. Iturri ez ofizialek diote, ordea, “litekeena dela abendura arte Euskal Ligak martxan ez jartzea”. Gauza guztiekin gertatzen ohi den bezala, hilabeteak aurrera joan ahala etorkizuna argitzen joango da.