Kale-inkesta: “Zer iritzi duzu Arrasateko etxebizitzaren arazoaz?”

0
1817
etxe

Tatiana, Oskar Fernandez, Matilde Martín eta Jose Antonio Nafarratek parte hartu dute gaurko inkesta.

Jose Antonio Nafarrate:

“Nik uste lehen baino okerragoa dela, lehengo egunean adierazi zidaten Arrasate izan dela prezioak gehien garestitu diren udalerria”.

“Alokairuen prezioak garestitu dira, eta beharrezkoa da merketzea, adibidez hutsik dauden etxebizitzak errentan jarriz”.

“Horretarako, tasaren bat jarri behar bada, jar dadila. Ez du zentzurik hutsik egotea eta aldi berean herritar askok etxebizitza baterako sarbiderik ez izatea”.

“Uste dut Arrasateko etxebizitza promozio batean, bertan egitekoak diren babes ofizialeko etxebizitzen kopurua murriztu egin dutela. Hori onartezina da. Murrizketa horren atzean interes ekonomikorik al dago?”.

“Uribarri-Erguin inguruan etxe batzuk igerileku eta-guzti egin nahi dituzte. Herritar bakoitzak erabaki dezala holako etxe bat erosi edo ez”.

Matilde Martín:

“Oso txarto, gaur Gelmako etxebizitzen prezioez informatzera joan naiz, eta salneurri oso garestiak dira”.

“309.000 euroko prezioa dauka 4 logelako etxebizitzak. Prezioak jaisteko, Udala alokairu sozialen inguruan gehiago konprometitu behar litzateke”.

“Horrela, jendeak eta batez ere gazteek etxebizitza bat izan dezaten. Gazte gehienek aldi baterako lanak dituzte, eta holakoekin ezin dute etxea lortu”.

“Bigarren eskuko etxebizitzak ere garestitzen ari dira. Lortzeko samurrenak La Caixakoak dira. Jakin badakit Etxebizitza sailburuak, Iñaki Arriolak, etxebizitzak erraztearen aldeko lanean diharduela, Udalarekin elkarlanean”.

“Zerrajeran etxe gehiago eraikitzea onartuta dago, baina beharrezkoa da proiektua ez berandutzea”.

Oskar Fernandez:

“Etxe nahikoak eraiki dira honezkero Arrasaten, eta gainera aurreikusten da etxebizitza pilo bat eraikitzea. Hutsik dauden etxeak alokairuen merkatuan jarri beharko lirateke”.

“Hala ere, gehiago eraikitzea beharrezkoa bada, eraiki daitezela. Gazteen etxebizitza faltaren arazoak berehalako soluzio bat behar du. Gazteak adin egoki batean emanzipatzea funtsezkoa da”.

“Horretarako, beharrezkoa izan daiteke gazteei zuzendutako etxebizitzak egitea, hau da, etxe txikiagoak, logela batekoak esaterako, zerbitzu amankomun batzuekin,… Baita pertsona nagusientzako ere”.

Tatiana:

“Pisuen prezioak pisuen araberakoak dira. Oro har, garestiegiak dira eta uste dut alokairu sozial gehiago beharko liratekeela. Batez ere, gazteei bideratueka, pertsona nagusiagoek eduki badauzkatelako euren etxeak. Gu han eta hemen alokatzen ibiltzen gara”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen