Atzo, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, arrasatearrak kalera atera ziren berriro indarkeria matxistaren amaiera aldarrikatzeko. Emakume Txokoak eta Mugimendu Feministak deituta elkarretaratzea egin zen Seber Altube plazan, ‘Gure ahotsak, gure indarra’ lelopean. Aurten, indarkeria instituzionalean jarri da arreta, eta horrela islatu zen kontzentrazioan irakurri zen manifestuan.
Aurrekoetan bezala, Emakume Saharauien Elkarteak ere parte hartu zuen, eta beren manifestua irakurri zuten. Kontzentrazioan, iazko ‘Nik sinisten dizut’ irakurketa feministaren bideoa ere ikusi zen. Elkarretaratzea ‘Zutik emakumea, hautsi gure kateak’ abestiarekin bukatu zen.
Instituzioek kolpatzen gaituzte
Nik sinisten dizut esaten genuen iaz eta baita aurten ere. Nik sinisten dizut instituzioek kolpatu zaituztela kontatzen didazunean, milaka modutan kolpatzen baikaituzte.
Indar polizialek kolpatzen gaituzte: gure testigantzak zalantzan jarriz, deklaratzen dugunean birbiktimizatuz, grebalari feministak kolpatzen gaituzte, txosnaguneetako kide feministak autodefentsa feminista planteatzeagatik identifikatu eta deklaratzera deitzen gaituzte, emakume ijitoak gure arrazagatik katxeatzean gaituzte, prostitutak, papelik gabeak mehatxatzen gaituzte…
Sistema judizialak kolpatzen gaitu: delitua jasan dugunean birbiktimizatuz, gure hitza zalantzan jarriz, biktima egokiak ote garen epaituz… Eta delitua egin dugunean, zigor bikoitza ezarriz kolpatzen gaitu, emakume onak ez garelako, delitu txikiagoengatik zigor
handiagoa ezarriz…
Kartzelak kolpatzen gaitu, infantilizatuz, emakume “onak” egin nahian adoktrinatuz, bakartuz, estigmatizatuz, gure familiatik isolatuz, instalazio, baliabide eta aukera gutxiago emanez, gure sexualitate eta osasuna ukatuz, murruen bi aldetara kolpatzen gaitu, arrazakeriak bikoitz kolpatzen gaitu, dispertsioak ere kolpatzen gaitu…
Extranjeria legeak kolpatzen gaitu, inpererialismo, kapitalismo eta kolonialismoaren indarkeriak gure herrietatik migratzera behartu ostean, atzerritartasun legeak paperik gabe bizitzera kondenatzen gaitu gutxienez hiru urtez. Horrek eskubide gabeko mamu ikusezin izatera behartzen gaitu, bizi irauteko prekarietaterik bortitzenera behartuz, esklabutza baldintzak onartzera behartuz, biolentzia guztietarako zaurgarrienak izatera kondenatuz…
Osasun sistemak kolpatzen gaitu, biolentzia obstetrikoz kolpatzen gaitu, erditze biolentoek, abortatu ahal izateko burokraziak, osasunaren izenean ematen den lodifobiak, LGTBIQ kolektiboa armairuan sartzen gaituzte osasun etxeetan, transak patologizatzen eta gaixotasun mentalak ditugunok estigmatizatzen gaituzte eta emakume arrazializatuen osasuna gutxiesten da. Osakidetza eta bereziki lehen arreta desmantelatzeak ere gaixotu eta kolpatzen gaitu.
Kapitalismo basatiak eta berak eragindako aldaketa klimatikoak kolpatzen gaitu. Gure lurren eta gorputzen aurkako erasoak kolpatzen gaitu.
Zaintza lege eta baliabide faltak kolpatzen gaitu, zaintza lanak maitasun truk edota era oso prekarioan egitera behartzen bait gaitu. Zaintza, sistemaren erreprodukzio tresna gisa soilik ulertzen da, kapitalaren onurarako baliatuz eta honen azpitik eta menpe kokatuz.
Gaztetasunean ere kolpatzen gaitu, sarri gure burua behartuta ikusten dugu gure ingurunearen ongizatea eta gizonezkoen zaintza bermatzera, militantzia guneetan espazio seguruak sortzera, etorkizunean zaintzaile izango garela asumitzera, gure burua zaintzeko hainbeste traba jartzen dizkigun sistema honetan autozaintza ezaren errudunak gu geu garela sinistera, etengabeko kezka eta ziurgabetasun egoera baten kondenatuta bizitzera, biolentzia ekonomikoa pairatzera…
Euskara dohain ikasteko aukera faltak kolpatzen gaitu, gure hizkuntz eskubideak urratuak izateak eta espainiera edo frantsesa ikasteko derrigortasunak kolpatzen gaitu…
Eta noiz arte iraungo du honek? Nazkatuta jarraitzen dugu. Oso. Are gehiago pandemia osteko gariotan. Non sistema heteropatriarkal kapitalista sustengatzen duten mekanismoak esplizituago ikusten diren; indarkeria bere zentzu zabalenean.
Eta ez, ez dugu ahaztu etxean, kalean, kuadrilan, gure elkarteetan kolpatzen gaituztenik, baina aurten fokoa instituzioetan jarri dugu, ez ditugulako gure eraikinak morez argiztatuta ikusi nahi edo agintariak pin moreaz jantzita egun puntualetan.
Guk argi daukagu honi guztiari aurre egiteko autodefentsa feminista dugula tresnarik eraginkorrenetako bat. Urteak daramatzagu autodefentsa feministaren baitan antolatzeko deia egiten eta autodefentsa feministak har ditzakeen hamaika bide eta forma sortzen, aplikatzen eta aldarrikatzen. Bada garaia, instituzioek ere erantzukzunez har dezaten gaia, egiturazkoa den hori errotik aldatzeko beharrezko pausu sendoak har ditzaten.
Erasoen aurrean justizia feminista, autodefentsa feminista!!
Zutik emakumeak, hautsi gure kateak.