Justizia aldarrikatu du Iñaki Etxabe eta German Agirreren aldeko omenaldian Kontseilu Sozialistak, urriaren 12an

0
2830

50 urte betetzen dira espainiar estatuaren “indar errepresiboek” bi arrasatearrak erail zituztenetik. Hala ere, oraindik ez dira hiltzaileak atxilotu, epaitu, ezta zigortu ere. Gaur omenaldia egin da, senideak bertan izanik, eta Hispanitatearen egunean.

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak antolatu du ekitaldia, eta gaur eguerdian eraman da aurrera Biteri plazan. German Agirre eta Iñaki Etxaberen hainbat senidek omenaldian parte hartu dute.

“Urri honetan 50 urte bete dira indar errepresiboek Iñaki Etxabe eta German Agirre erail zituztenetik. 50 urte erregimen frankistaren izaera krudela beste behin agerian geratu zenetik”.

Diktadura frankista salatu ostean, gaitzetsi egin du “78ko Trantsizioak ez zuela aurreko guztiarekin amaitu”. Izan ere, “frankismoko krimenak gauzatu zituzten polizia, epaile eta instituzioen inpunitatea oraindik ere mantentzen da”.

Gainera, “estatu burgesak bere horretan jarraitzen du: gutxi batzuen aberastasuna gehiengoaren miseriaren kontura. Eta, nola ez, inposatutako bizimoduaren kontra altxatzera ausartzen den ororen aurkako jazarpena”.

Horretarako, “poliziaren funtzioa” ondokoa da: “etxegabetzeak, grebalarien aurkako jipoiak, kale-saltzaileen edota gazte migranteen kontrako eraso konstanteak”.

Kontseilu Sozialistak adierazi duenez “polizia eredu berri, justuago baten alde egiten dutenek indar polizialak zuritu besterik ez dute egiten”. Horregatik polizia “desnormalizatzea dagokigu”.

Helburu horrekin “gaur, urriaren 12an, Guardia Zibilaren patroiaren eguna, Hispanitate Eguna, gogor gaitzesten dugu”. Halaber, salatu du “Espainia eta Frantzia estatu inposatuak direla euskal langilearentzat”, eta horregatik “gure herriaren zein beste herri zapalduen autodeterminazio eskubidean berresten gara”.

Erabakitzeko eskubidea, baina, “ez da estatu espainolen guztiz integraturik dauden PSOE, PNV eta EH Bilduren arteko akordioetatik etorriko”.

Kontseilu Sozialistak planteatzen du euskal estatu sozialistarako “euskal langileon askapen-prozesua mundu osoko langileriaren askapenarekin batera eman behar da”.

German Agirre eta Iñaki Etxabe gogoratzeaz gain “atxilotuak, torturatuak, beraien lurretatik ihes egin behar izan dutenak…” ekarri dituzte gogora. Berretsi duenez “borrokatzeko arrazoiak dauden heinean, borrokatzea beti izango da zilegi. Doakiela hemendik gure babes eta elkartasun osoa askatasunaren bidean beren bizia eman duten militante politiko guztiei. Amnistia osoa!”.

“Gizarte bidegabe honen kontra altzatu ziren horiek bide bat egiten hasi ziren, eta bide hori jarraitzea da egin diezaiekegun omenaldirik handiena”.

Mezu antifaxista ere zabaldu du: “faxismoa ez badugu errotik konfrontatzen, faxismoak mundu justu bat eraikitzeko gutxieneko aukerak ere bortxaz ezabatuko ditu”. “Ideia arrazistei, matxistei, baztertzaileei… espazio guztietan aurre egitea dagokigu”. Ildo honetan “bada garaia auzoetan, herrietan faxismoaren kontra antolatzeko”. Hitzartzeak ez ezik, ohorezko aurreskua, lora eskaintza, bertsoak eta zuzeneko musika ere izan dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen