Josebe Blancok bere liburua aurkeztuko du Ereindajanen

0
508

Aurkezpena azaroaren 21ean arratsaldeko 18:00etan izango da. Josebe Blanco Alvarezek bere lehen liburua argitaratu du ARGIArekin, Bizi Baratzea sailaren barruan.

Beheko testua eta kartela: Argia. Argazkia: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA.

‘Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain’ du izena eta eguneroko formatoan dago idatzia. Antzuolako Pikunieta baserrian bizi den artzainak, urte oso batean bizi izandako esperientziak eta hausnarketak bildu ditu bertan.

Hainbat gai jorratzen ditu: artzain ofizioari dagozkion eguneroko lanak eta pasarteak, mendian bizi den herritarrak bizi dituenak, baita emakume gisa, galego jatorrizkoa, euskaldun gisa bizi dituenak ere, guztiak lehen pertsonan. Agertzen dira bere hausnarketak elikaduraz, abeltzain izanik haragirik ez jateko gaztetan egin zuen hautuaz eta horrek sortzen dizkion kontraesanez, animaliekiko harremana ulertzeko duen moduaz, bizitzaz eta heriotzaz dituen bizipenez, kontzientzia ekologistatik gaurko bizimoduaz egiten duen ikuspegiaz…

Eguneroko hau lekukotasun bat da. Larrialdi klimatikoaren erdian, mendian eta natura zainduz bizimodua aurrera ateratzeko ahaleginean ari den artzain baten lekukotasuna. Liburuan agertzen diren bizipenek abiapuntu edo aitzakia izan nahi dute, irakurleak egungo gizarteaz eta bizitzaz hausnartu dezan.

Formaz ere oso da berezia liburua

Egunerokoak aukera ematen dio idazkera libre eta literarioan esan nahi duen horri formarik eraginkorrena aurkitzeko. Tarteka poesiak ere gehitzen ditu, batzuek euskaraz eta beste batzuek galegoz.

Artzainaren hiztegi txiki bat ere badakar liburuak, herritar guztiek euskal kulturaren parte diren hitz eta jakinduriak eskuratu dezaten. Artzainak urte osoan egiten dituen lanen taula ere badakar liburuak. Eta mapa bat ere bai, liburuko pasarteak kokatu ditzan irakurleak.

Hori guztia Eider Uribarrenaren ilustrazioek edertua, Dani Blancoren argazkiek jantzia eta Maitane Gartziandiaren diseinuak biribilduta.

Hamar hitzaldi sei astean

Bai gaiagatik, bai egilea pertsona ezaguna delako laborantza ekologikoaren munduan, liburuak oso harrera ona izan du herritarren artean. Horren erakusgarri da argitaratu orduko hitzaldiak antolatu dituztela han eta hemen. Hamar liburu aurkezpen-hitzaldi emango ditu Josebe Blancok azaroaren 7 eta abenduaren 15 artean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen