Jesus Aranbarri (Garagartza auzoa, Arrasate, 1948ko apirilak 20) haurtzarotik hasi zen futbolean jolasten.
Gaztaroan Arrasateko UCEA taldean jokatu zuen, baita JDMn ere, eta 18 urte zituela, Realak fitxatu egin zuen.
1967an talde txuri-urdina gizonen lehen mailara igotzea lortu zuen Puertollanon, arrasatearraren golari esker [beheko argazkian]. Klub berean 6 denboraldi egin zituen, 43 partidu jokatuz eta 11 gol sareratuz.

1972an Deportivo Alavesek fitxatu zuen, eta talde babazorroan 1978ra arte jokatu zuen. Gerora bertan bigarren entrenatzaile gisa ere jardun zuen.
Josemari Velez de Mendizabal historialariak berataz azpimarratu izan du “oso jokalari borrokalaria izan zela, eta arras estimatua futbol zelaietan bere emate etengabearengatik, eta gizatasunarengatik”.
Bere ibilbidea sakon aztertu zuten Velez de Mendizabal berak eta Jose Ignazio Zaitegik, biek egindako ‘Mondra. Una temporada (1965-66) Y tres futbolistas (Sagasta-Larrauri-Aranbarri)’ liburuan.
Ildo honetan, Mondrak omenaldi bat egin zion 2021ean giro onean. Aranbarri 76 urterekin zendu da, eta Realak zein Alavesek euren doluminak helarazi dizkiete familiari eta gertukoei. Goian bego.




