Jazza Arbolapetan entzun da, Mario Fernandino eta taldekideekin

0
381

Arrasate Musikaleko irakasle honek eta bere taldekideek jazz, bolero, blues, bossa,… estiloak plazaratu dituzte ikus-entzuleen gozamenerako.

Arrasate Bluesek antolatuta, askotariko abestiak eskaini dituzte gaur eguerdiko saioan: ‘Bésame mucho’ boleroa jazz estiloan, blues kantuak, bossa estiloko bat, …

Arrasate Bluesen inguruko iritzia galdetu diogu eta erantzun digu “zoragarria iruditzen zaidala ekimen hau. Ibai-Arte antolatzen hasi zen jaialdi ezberdin bat egiteko, eta emaitza onak lortuta, horretan jarraitzen du”.

Gainera, Ibai-Artek “pandemiaren testuinguruan, jaialdiak aurrera egitea lortu du, eta bitartean beste jaialdi batzuk hutsaren hurrengoan geratu dira aurten, Gasteizko edota Donositako jaialdiak esaterako. Aforoa oso murriztuta, sarrerak oso zaila,…”.

Mariori galdetu diogu ea nola definitzen duen bere burua musikari gisa: “Jazz musikaria bezala definitzen naiz, baina ez abangoardista, nahiko klasikoa baizik, 70etako jazza nahiago dut”:

“Cannonball Adderley adibidez, lehenagokoen artean Charlie Parker noski eta Phil Woods, duela gutxi hil dena, baina nolabait esateko bere jotzeko era primitiboa zen, bigarren belaunaldikoa”.

“Horiek dira nire musikari eta inprobisatzeko era gustukoenak. Noski, bestelako saxofoi-joleak ere gustuko ditut: John Coltrane, Dexter Gordon, Sonny Rollins,… Niri belaunaldi gustukoena 60-70. hamarkaden artekoa da”.

“Charlie Parker baino lehen, 40-50. hamarkada baino lehen, baladista handiak zeuden: Jonnhy Hodges saxo altuarekin, Lester Young saxo tenorearekin eta Ben Webster. Bluesman handiak ere izan baziren”.

“Garai haietan abiadurak ez zuen hainbesteko garrantzia inprobisazioan, espresioa garrantzitsuagoa zelarik. Ondoren, Charlie Parker iritsi zen eta abiadura laukoiztu zuen”.

Izan ere, “bebop estiloa azkarra zen, eta oso erakargarria da. Ondoren, Cool-aren berpizkundea heldu zen, eta adibidez Miles Davis Charlie Parkerrekin jo zuen arren, gero ‘The Birth of the Cool’ diskoa grabatu zuen, erritmo mantsoagokoa”.

Orokorrean, jazz musikariak “denetarik jotzen saiatzen gara, bai erritmo azkarrak, baita baladak ere. Kontuan hartu behar da kontzertu bat ematen duzunean, publiko guztia ase behar duzula neurri batean”.

Orain adibidez “joera handia dago jazz eta flamenkoa uztartzeko, baita boleroak ere, eta publikoaren oso gustukoak izaten dira. Musika ona ona da, estilo batekoak izan edo bestekoak”.

“Mozart edota Beethoven-en musika ona da, eta inor ez litzateke kontrakoa esatera ausartuko. Bestelako estiloak egiten zituzten, baina oso onak ziren. Baita Pancho Céspedes bolerista ere”.

Arrasate Musikaleko irakasle izanik, “ondo ikusten dut oro har musikaren irakaskuntza Arrasaten, baina agian hobetu daiteke, estamentu guztiek gehiagotan parte hartuko balute”.

“Hori lortzeko pandemiak ez du batere lagundu, baina ekimen gehiago egin daitezke, lagun gehiagorekin. Orokorrean ondo dago baina hobetu daiteke guztion inplikazioarekin”.

“Horretan adibidez Arrasate Blues onuragarria izan da, tartean Jesusiren omenaldian parte hartuz, inori ateak itxi gabe”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen