Kartela: Malavita_kw da eta Hofe 4:40. Argazkia: Chillnobita. Testua: Antolatzaileak.
Larunbatean, azaroak 19, lau artista arituko dira Gaztetxeko oholtzan. Janda arrasatear artista gaztea izango da oholtzara igotzen lehena, gaua regetoia eta trapa uztartuz hasiz.
Ondoren, Txandal Vandalsen txanda izango da. Atera berri duten diskoa aurkeztera datoz iruindarrak. Beren abestietan drilla eta trapa konbinatzen dituzte, nahiz eta punka oso presente izan bai influentzietan bai jarreran.
Ondoren, Tatta, Mutiko eta Denso taldeen txanda izango da. Aramaio eta Arrasatekoek publiko fidela dute, taldea gaztea da, baina euren abestiak oso ezagunak egin dira denbora gutxian. Azken abestiak ‘Alesardui’ milaka entzunaldi izan ditu egun gutxitan. Aparrean dagoela dirudien taldea da, baina oraindik horizontea urrun duena, batek daki noraino iritsiko diren.
Azkenik, Hofe 4:40 artista ezagunaren txanda izango da, Txillmafia talde ezagunarekin batera Iruñerrian jaio den eszena berriaren erreferenteetako bat. Estatu espainiarrean hainbat kontzertu eman dituzten arren, Arrasaten joko duten lehen aldia izango da.
Ondoren, Aramaioko DJ An2k eta Arrasateko Dj Urbek alaituko dute emanaldia. Horiez gain, hainbat kolaborazio eta sorpresa espero dira agertokian. Zalegon ikusmin handia piztu duen gaua da, eta horren seinale da aurresalmentan sarrerak arratsalde bakar batean agortu zirela. Hala ere, oraindik ere sarrerak leihatilan lor daitezke. 250 sarrera egunean bertan jarriko dira salgai Gaztetxeko atean. Ateak 21:30ean irekiko dira eta kontzertua 22:00etan hasiko da.
