Ibilbide gidatuak, baso-bainua, izarren behaketa,… izango dira Puntaik Puntan

0
634

Arrasaten ospatuko da hurrengo asteburuan Debagoieneko Bidezidorren Jaialdia, besteak beste, Mankomunitateak antolaturik. 26 ekitaldi inguru dituzu aukeran, besteak beste, ondorengo proposamenak:

IZARREN BEHAKETA BEDOÑAN:

Ekitaldi hau Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuko du, hain zuzen Virginia Garcia adituaren eskutik. Datorren ostiralean izango da (urriak 14), arratsaldeko 20:00etatik Bedoña auzoan. Zerua lainotuta egongo balitz, ekitaldia Kulturaten izango litzateke, planisferioa aurkeztuz.

Virginia, nolakoa izango da behaketa?

Zerua garbi egongo bada, teleskopio bidez esaterako Saturno eta Jupiter planetak ikusiko ditugu, eta behaketa oso polita izan daiteke. Hain garbi ez ikusi arren, espazioko beste hainbat osagai ikusi ahalko ditugu, Kumulu Bikoitza esaterako.

Eta zerua garbi ez balego?

Printzipioz lainotuta egongo balitz, Kulturateko gela batean saio bat egingo genuke, saio didaktiko bat, planisferioa aurkeztuz.

Behaketako parte-hartzaileek gailuren bat eraman behar dute?

Guk teleskopio bat eramango dugu, eta hortaz gain parte-hartzaileren batek beste teleskopioren bat ekar badezake, ba primeran legoke. Aholkatzen dugu prismatikoak ere eramatea.

Parte-hartzaileek ere horrelako gailuak eramatea lagungarria da parte-hartzaileen artean giro atsegina sortzeko.

Gainera, kontuan hartuta urrian gaudela, arropa nahikoa eramatea aholkatzen dugu. Geldi egotean freskura nabarmenagoa da.

Izena emateko klikatu hemen

MENDI-IBILBIDEAK:

Puntaik Puntan noski ez da mendi-ibilbiderik faltako, eta horitako bi gidatuko ditu Arrasate inguruko parajeak ezagutzen dituen Sigi-sagan enpresako Eñaut Ramila Gabiriak. Larunbatean (urriak 15), goizeko 9:30ean abiatuta, Urkulu-Santikrutz-Andarto-Degurixa ibilbidea egin da. Igandean 9:00etatik aurrera Garagartza-Udala-Besaide-Tellamendi-Garagartza ibilbidea izango da.

Eñaut, zelan definitu daiteke Sigi-sagan?

Ibilbide gidatuak antolatzen eta aurrera eramaten duen enpresa da. Autonomo bezala nabil eta hortaz gain mendiko seinalizazioak ere egiten ditut.

Homologatutako bideak margotze ditut eta adibidez Arantzazuko Bidea seinalizatu dut eta oro har Arrasateko bide homologatuak.

Puntaik Puntan ze ibilbide gidatuko dituzu?

Bi ibilbide proposatu nituen eta biak aurrera eramango ditugu: batetik, Tellamendira igoko gara Garagartzatik abiatuta: Arteaga inguruko bidetik Udalara igoko gara, ondoren Besaidera joango gara eta ondoren Tellamendira. Jaitsiera Lurgorri, Zabolain eta Kobaundi inguruetatik, Garagartzara jaisteko.

Ibilbide honek 14 kilometro ditu eta lauzpabost orduko iraupena. Ez da ibilbide zaila baina parte-hartzaileak ibiltzera ohituta egon behar dira.

Bigarren ibilbidean Andartora igoko gara: aurrekoa baino zailagoa eta luzeagoa da, beraz parte-hartzaileek prestakuntza hobea behar dute.

Urkulutik abiatuko gara, eta Erromes bidetik (Arantzazurantz doanetik) Santi Kurutz baselizara igoko gara, eta ondoren Andartora. Ostean Degurixara jaitsiko gara eta ondoren Urkulura. Ibilbide hau 19 kilometro luze da.

Espero dugu euririk ez egitea, baina hala balitz, ibilbideak aurrera eramango lirateke?

Ibilbideek ez dute arriskurik, eta ondorioz bai, egingo lirateke. Aipatzekoa da bastoia horrelako ibilbideak egiteko lagungarria izaten dela.

Larunbateko ibilaldirako izen-ematea

Igandeko ibilaldirako izen-ematea

BASO-BAINUA SANTA BARBARAN:

Japoniatik datorren teknika bat azalduko da, eguneroko estres eta erritmo frenetikoa baretzeko eta lasaitzeko. Arreta Pagoeta ekimeneko Amaiaren eskutik, ekitaldia larunbatean (urriak 15) izango da, arratsaldeko 17:00etan.

Amaia, zelan definitu daiteke baso-bainua?

Japoniatik datorren teknika bat da, eurek 80. hamarkadan jarri zuten martxan, eta jatorrizko herrialdean ‘Shinrin-yoku’ deritzote.

Orduan han ohartu ziren gaur egun guk ere hemen dugun estres-maila. Japoniarrek lanarekin zeukaten harremana zela, konturatzen hasi ziren osasun-arazoak eragiten zizkiela: antsietatea, estresa, depresioa, gaixotasun fisikoak, etab.

Medikuak eurak zientifikoki ohartu ziren pertsona gero eta denbora luzeagoa eman Naturan, gero eta onura handiagoak zituela, bai emozionalki, bai psikologikoki, bai fisikoki, baita oro har.

Ondorioz, medikuak pazienteei Naturan denbora ematea errezetatzen hasi ziren. Horren harira, baso bainua sortu zuten eta apurka-apurka Europara hedatu zen.

Hemen, inguru honetan azken bizpahiru urteetan zabaltzen ari da, eta jendea behintzat kontzeptua entzuten hasi da, nahiz eta zer den zehazki ez dakiten.

Teknika honetan pertsonak bere bost zentzumenekin Naturarekin konexioa bilatzen du. Guk euskaldunok Naturarekin konexio handia izan dugu, baina erabili dugu kirola egiteko, bere fruituak jasotzeko (onddotara joatea, esaterako),…

Interpretazio bat eman diogu, baina hau ezberdina da, Naturan integratzea da. Izan ere, gizakiok askotan haustura bat egin dugu, guk eta Natura gauza ezberdinak garelakoan. Baina errealitatean gauza bera gara.

Baso bainuarekin ongizatea eta emozio-osasuna bilatzen dira. Horretarako, bost zentzumenekin ariketa batzuk egiten dituzu eta horrela erlaxatzen zara, estres-maila jaisten da.

Era berean, antsietatea, estresa eta depresioa arintzen direnean, zientifikoki probatuta dago hipertentsioa duten pertsonen tentsioa erregulatzen dela, baita kolesterola ere. Hau da, onurak lortzen dira.

Zein ezaugarri ditu Santa Barbara parkeak?

Onuraz ari garenean, Natura bukoliko bat irudikatzen dugu, eta badirudi onura lortzeko zibilizaziotik at dagoen leku batera joan behar dugula. Hau da, leku oso ixil batera, eta hori oso ondo dago, baina Natura edonon aurki dezakegu:

Baita leku hiritartu batean ere, Santa Barbaran kasu. Etxe ondoan edo etxean dugun berdegune nahiz landare batek onura ekar diezaguke. Beraz, zergatik ez baliatu espazio berde hauek?

Santa Barbara bezala, Monterron parkea ere egunerokotasunerako altxor bat da. Uda honetan argi eta garbi ikusi dugu: leku batek gero eta espazio berde gehiago eduki, leku horren tenperatura gero eta erregulatuagoa da.

Asfaltoak tenperatura igoarazten du, eta ikusi dugu zein garrantzitsuak diren itzalguneak. Zientifikoki baieztatuta dago zuhaitzen eta landareen artean bakteria eta onddo askoren erasoak jasotzen dituzte.

Gerra bakteriologiko horretan fitonzidak askatzen dituzte, eta gu Santa Barbara bezalako naturgune batean izatean, fitonzidak arnasten ditugu edota azaletik sartzen zaizkigu, eta on egiten digute. Izan ere, gu orekatzen gaituzte, fisikoki, emozionalki eta bestela.

Parte-hartzaileek gailu edo jarreraren bat eraman beharko dute saiora?

Jarrera irekia, eta ez da maila fisikorik eskatzen, ez baita sekulako ibilaldia egingo. Baso-bainu saio batzuk baso berean hasi eta bukatzen da. Kontua ez da ibiltzea, baizik eta naturgune hori beste ikuspegi batekin begiratzea. Adibidez, egunerokotasunean oinez egiten duzun espazio hori beste begirada batekin ikustea.

Aipatzekoa da ere baso-bainua bi eratara egin daitekeela: esperientzia bezala, Santa Barbara parkean egingo duguna, eta terapia gisa, gutxienez sei saio egitekoak direlarik.

Terapia-saioak astean behin egiten dira, sei aste jarraian, eta talde batean, beti talde berberarekin. Gaur egungo egoeran edozeinek egin dezake, esaterako bazterketa-egoera dauden pertsonek, tratu txarrak jasandakoek, migranteek, osasun-arazoren bat diagnostikatuta duten pertsona taldeek,…

Izan ere, zientifikoki frogatu da onurak eragiten dizkietela. Pertsonak bere baitan aldaketa somatzen du saio hasieraren eta saio amaieraren artean. Terapia gaur egun denontzat da onuragarria.

Hau da, horrelako saio batean parte hartzeko ez duzu arazorik edo gaixotasunik diagnostikatuta izan behar. Egunerokotasunean erritmo oso azkarrean bizi gara, beti presaka gabiltza alderik alde, estresatuta. Saio hauetan pertsonaren erritmoa lasaitzen da.

Baso-bainurako izen-ematea

EGITARAUA BERE OSOTASUNEAN:

Urriaren 14a, egubakoitza

Jaialdiaren hasiera:

17:00 Ipuin kontaketa musikatua. Kontukabiren eskutik: “Txirula magikoa” (haurrentzat), Biteri plazan.

18:30 Mendifilm Festibaleko hiru proiekzio, Kulturaten:
1. Action Directe, 16′
2. Jötunn, 25′
3. La Pantalla Andina, 49′

20:00 Izarren Behaketa, Aranzadi Zientzia Elkartearekin Bedoña elizatean. Lainotuta badago, planisferioa aurkeztuko da Kulturaten. Eman izena.

Urriaren 15a, zapatua

Herria girotzen:

12:00  Erraldoi eta kilikien konpartsa eta Arrasateko gaiteroak, herriko kaleetan.

13:00  Kontzertua, Mikel Zamora bere bandarekin, Biteri plazan.

Goizeko ekintzak:

09:00 Mendi igoera gidatua: Udalatx mendia (12 urtetik gorakoentzat) Eman izena.

09:30 Erreka garbiketa. “Debagoienean errekak bizi auzolanean”. Hitzordua Biteri plazan eta San Isidron (Musakola).

09:30 Mendi ibilbide gidatua: Urkulu-Santikrutz-Andarto-Degurixa. Eman izena.

10:00 Nordic walking: hastapen ikastaroa Biteri plazan eta ibilbidea herrian zehar. Eman izena.

10:00 Ibilaldi gidatua: Deba ibaiaren biodibertsitatea aztertzen; Arrasatetik Elorregira. Hasiera Biteri plaza. Eman izena.

11:00 Hitzaldia Kulturaten:
· Oñati turismo jasangarria; Arrikrutz-Oñatiko kobaren eredua

Arratsaldea girotzen:

18:00 Sambamaña batukada taldearen kalejira.

19:00 Kontzertua: Klak!son taldea, Biteri plazan.

20:30 Kontzertua: NHIL taldea, Biteri plazan.

Arratsaldeko ekintzak:

16:30 Orientazio proba-lasterketa, sariarekin (14 urtetik gorakoentzat) Monterron parkean. Eman izena.

17:00 Baso bainua Santa Barbara parkean; irteera Biteri plazan. Eman izena.

Urriaren 16a, domeka

Goiza girotzen:

11:00 Trikitixa eskolako taldearen kalejira.

12:30 Herrixa dantzan dantzaldia, bailarako arrabitariekin. Musika zuzenean Biteri plazan, arrabitari taldearekin. Dantza gidaria: Patxi Montero.

Goizeko ekintzak:

09:00 Mendi ibilbide gidatua: Garagartza-Udala-Besaide-Tellamendi-Garagartza. Eman izena.

09:30 Mendi ibilbide gidatua Sasoibiderekin, Bedoña elizateko Andra Mari Zurira. Eman izena.

10:00 Mendi ibilbide gidatua: Murugain, dragoiaren bidetik. Eman izena.

10:00 Bizikletan ibilbide gidatua: Vasco-Navarro bide berdetik. Eskoriatzatik Arrasatera. Eman izena.

10:30 Espeleoarrikrutz, Arrikrutz-Oñatiko koban. Eman izena.

12:00 Bisita gidatua Gatz museora. Hiruerreketa ibilbidearekin Deba ibaiaren sorrera eta Leintz Gatzagako inguruak ezagutzera. (Gaztelaniaz bisita 13:00etan izango da). Eman izena.

Arratsaldea girotzen:

18:00 Kale antzerkia, Hortzmugaren eskutik; “Jule”. Biteri plazan.

Arratsaldeko ekintzak:

16:30 Bisita geologikoa: “Arrasate harri bitxia”, erdigunean. Eman izena.

PUNTAIK PUNTAK 3 GUNE NAGUSI:

Biteri plaza: natura-turismo azoka eta Debagoieneko artisauen azoka:

  • Zapatuan 11:00-14:00 eta 17:00-20:00
  • Domekan 11:00-14:30

Zaldibar: abentura jolasak umeentzat

  • Zapatuan 11:00-14:00 eta 17:00-20:00
  • Domekan 11:00-14:30

Seber Altube plaza: bertako produktuen azoka

  • Zapatuan 9:00-14:00

Jaialdiaren inguruko informazio guztia puntaikpunta.eus webgunean kontsulta daiteke, eta bertan edo 747 41 75 85 telefonoan eman behar da izena zenbait ekintzatan izena emateko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen