Izan Bidea ekimenarekin bat egin dute Monterronen

0
1207

Argazkia: Sare Arrasate.

#650Tontor egitasmoa zuen antolatuta Sarek gaurko, baina eguraldi kaskarra iragarrita zegoenez, 2021eko maiatzaren 8ra atzeratzera erabaki dute. Hala ere, gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Monterronen euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea eskatzeko. Erantzuna ezin hobea izan da, eguraldi txarra izan arren.

Bilkuran irakurritako testua:

“Oraintxe bertan, herriz herri, mendian ginateke 650 tontor igo ostean, hemen Monterronen egiten ari garen ekitalditxo hau egiten. Pena da eta penatuta gaude, ekimen eder hau atzeratu behar izan dugulako, baina herrian egindako lanak eman du bere fruitua eta datorren maiatzaren 8an are gogotsuago eta indartsuago ekingo diogu igoerari.

Penaz gaudela esan dugu, baina bereziki eskertuta gaude. Eskertuta eguraldi kaxkar honekin eta ekimena bertan behera geratu ostean, hemen gure azken orduko deialdira gerturatu zaretelako eta baita mendien dinamika honen aurrean izandako erantzunagatik ere. Lan handia egin dugu eta pozik gaude.

Beste behin ere, preso eta iheslariek bizi duten egoerari aterabidea eman behar zaiola adierazteko mobilizatzeko prest agertu gara Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak. Horrek egiten ari garen lana norabide egokian egiten ari garela eta behar beharrezkoa dela erakusten du. Jendarte honek konponbidearen bidea gauzatu nahi du; preso eta iheslarien etxerako bidea eta elkarbizitza eta bakerako bidea.

Hori hala, mendietara igotzeko ekimena atzeratu behar izan dugun arren, gaur eguerdian, milaka gara Herriko Plazetan elkartzen ari garen herritarrak; Norabidea berean urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu. Bidea egiten jarraitzekoa. Eta horretarako, aurrera begira jartzen gara. Aurrera begira, aurrera egin nahi dugulako; Urriaren 24ari begira; hilabete honen amaieran Donostian elkartuko baikara, milaka herritar bilduko dituen manifestazio eta mosaiko erraldoiean.

Bertan mundu osoari zuzenduko gatzaizkio, mundu osoak jakin dezan oraindik hemen ehundaka preso etxetik ehunka kilometrotara daudela, oraindik ere presoen gehiengoa lehen graduan edo zigor graduan dagoela, oraindik ere emakume presoak bakartuak jarraitzen dutela, ehun motxiladun haur inguru daudela eta preso gaixoak heriotzerarte espetxean mantentzen dituztela… Finean, oraindik orain, guzti hau ahalbidetzen duen salbuespenezko espetxe politika indarrean dela.

Horregatik; Resolution! Etxean! Lelopean: unea dela, gehiengoak aldaketa nahi dugula, egoera hau ezin dela betikotu eta elkarbizitzaren baitan aurrera egin ahal izateko, salbuespeneko espetxe politika bertan behera utzi eta presoen etxeratze-prozesua abian jartzea ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu.

Bidea ibiliz eta ibiliz egiten dela badakigu, eta gu aurrera urratsak emateko prest gaude. Aldapa malkartsu edo beherakada gogorrak datozela ere, aurrera eginez bidea egiten dihardugu. Tontorra zein den badakigu; etxeratzea, elkarbizitza, bakea.

Segi dezagun, beraz, bidea egiten, bidea izan gaitezen. Lortuko dugu!”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen