Argazkiak eta beheko testua: Lokatza Ziklismo Taldea.
Igamo Packaging taldeko neskak, beste asteburu batez, maletak egin dituzte lehiaketa denboraldiarekin jarraitzeko. Espainiako Kopako seigarren proba puntuagarria izan zuten larunbatean Abanillan (Murtzia) eta igandean berriz, Federació Ciclisme Comunitat Valencianaren kopako lasterketa, Valentzia hiriburuan. Biak ala biak, Estatuko talde onenak batu zituen lasterketak izan ziren, bertan baitzeuden, denboraldian zehar protagonista izaten ari diren txirrindulari guztiak.
Abanillan, Murtziako bero itogarriarekin, elite eta hogeita hiru urtez azpiko kategorian, Itxaso Plazak zazpigarren postua lortu zuen, 23 urtez azpiko mailan, hirugarren postua eskuratuz. Lasterketako unerik garrantzitsuenean, Algarroboko igoeran, tropela hautsi eta dozena inguruko taldetxoa osatu zen lasterketa buruan, Plazak, beraiekin sartzea lortu zuen, lasterketa, top 10 batekin biribilduz.

Igandean berriz, Valentzia hiriburuan, 7,3 Km zirkuituari 10 itzuli egin behar izan zizkioten txirrindulariek. Hasieran ihesaldia egon bazen ere, tropelak, azken itzulia batera burutzera zihoala, txirrindulari batek, eraso, eta bakarrik heldu zen helmugara. Kasu honetan, Edurne Ormaetxeak, tropeleko esprintean, aurrealdean sartuta 9. postua eskuratuta amaitu zuen lasterketa. 23 Urtez Azpiko kategorian bosgarren postua lortuz.
Ekainaren erdia eginik, oraindik, badute non lehiatu Lokatzako neskek. Hurrengo astean, Nafarroan, Etxarri eta Atarrabiako lasterketak izango dituzte kadeteek eta juniorrek. Hilabetea bukatzeko, Edurne Ormaetxeak eta Itxaso Plazak, Espainiako txapelketa izango dute Granadan, ekainaren 29an. Kasu honetan, erronka polita bezain handia izango dute, profesionalekin lehiatuko baitira Igamo Packaging taldeko txirrindulariak, bertan izango dituzte eta, World Tourreko hainbat txirrindulari eta talde.
Igamo Packaging txirrindularien sailkapenak:
Abanilla (Murtzia) – Espainiako Kopa
Elite – 23 Urtez Azpikoa:
- Itxaso Plaza 7. postua sailkapen orokorrean, eta hirugarren 23 Urtez Azpikoan
Junior:
- Itxaso Askasibar 24. postua
- Izar Ezkibel 28.
Kadete:
- Izaro Ezpeleta 16.
Valentzia – Copa Federació Ciclisme Comunitat Valenciana
Elite – 23 Urtez Azpikoa:
- Edurne Ormaetxea 9. postua sailkapen orokorrean, eta bosgarren 23 Urtez Azpikoan
- Itxaso Plaza 14. postua
Junior:
- Izar Ezkibel 20.
Kadete:
- Izaro Ezpeleta 39.




