Gutxienez 19 egoiliar hil dira eta 88 inguru kutsaturik daude, koronabirusaren krisian. “Plantilaren ia erdia bajan” dagoela adierazi du ELAk.
ELAk iragarri du aste honetan salaketa judiziala aurkeztuko duela. Iturbideko heriotzak eta egoera oro har “sekulako sarraskia” bezala definitu du.
Salatu duenez, langileek “orain arte ez dute euren burua babesteko maskararik izan – azaldu dio Mondraberriri Janire Diazek, ELAren Debarroko Adineko Egoitzetako arduradunak – eta jantzi duten ekipamendua eskasa izan da”.
Hainbat test orain direla 6 egun inguru egin ziren, eta “positibo direla orain jakin dute hainbatek”.
Oro har, “protokoloak ez dira garaiz bete, eta oraindik langileek ez dute material egokirik. Pentsa plastikozko poltsekin babestu behar dute euren burua kasu batzuetan”.
“Hasiera-hasieran ez zituzten maskarilak izan”, eta materialaz gain, “langileek ez dute formakuntzarik jaso”.
Testei dagokienean, “sintomarik ez zuten langileei ez zieten testik egin”, eta “gaixo ez zeuden hainbat egoiliar gaixo zeudenen ondoan jarri zituzten”. “Langileei esan diete test gehiago egingo direla”.
Ondorioz, azpimarratu du “arrisku larrian jarri direla egoiliarren eta langileen bizitzak”. ELAren azken datuen arabera, 19 langilek positibo eman dute koronabirusean, eta 26 bajan daude.
“Langile batzuk kontratatu dira, baina ez dira nahikoak izan, plantila erdira zegoelako. Horrek esan nahi du lanean zeudenak presio emozional handia jasaten dutela”
Sindikatuak iragarri du “aste honetan” aurkeztuko duela salaketa “Kabiari (Aldundiaren organismo autonomoari) eta Servicios Sociales Aita Menniri”.
Salaketaren helburuetako bat da “langileei beharrezkoa duten material guztia behingoz eman diezaietela”.