Iskanbilak disko berria aurkeztuko du Arrasateko Gaztetxean

0
2198

Urtarrilaren 13an, larunbata, gaueko 22:00etan Iskanbila talde arrasatearrak bere disko berria aurkeztuko du Arrasateko Gaztetxean. ‘Bizimodu baten historia’ izenburuko diskoak bederatzi abesti biltzen ditu eta Iruñeko Sound of Sirens estudioan grabatu zen 2023an.

Disko berriaren aurkezpenean Arrasateko Hankaz Gora eta Sindy Berbenas taldeen laguntza izango du. 200 sarrera aldez aurretik jarriko dira salgai Taupa eta Iluntz tabernetan. Gainerakoa kontzertuaren egunean salduko da leihatilan, aretoa bete arte.

Iskanbila taldea 1990ean sortu zen Arrasaten, eta Gotzon (kitarra eta ahotsa), Lapo (bateria eta ahotsa), Jonny (kitarra eta ahotsa), Jabo (baxua) eta Iban (ahotsa) musikariek osatzen dute.

Beheko testua: Wikipedia eta Iskanbila https://creativecommons.org/licenses/by-sa/4.0/deed.es

Argazkiak: Iskanbila.

TALDEA:

1990.urtean jaio zen ISKANBILA Arrasaten. Garaiko punkak elikaturik, bostkote gazte hark osatutako oi! taldeak, Ingalaterratik ekarritako diskatan aurkitu zuen behar zuen zirrara. Kasetetan biltzen zituzten 69ko mugimenduak sortu zituen ereserki ugari. Inspirazio hura bidelagun izango dute ibilbide osoan zehar.

Musikalki “old school oi!” edota “street punk oi!” estilotan kokatu izan bada ere, ISKANBILAK berezko nortasuna izan du beti.
Kitarra riff ausartek eta ahots melodia garbiek bortizki luzatu izan dute faxismoaren kontrako mezuak, aldarrikapen sozialak zein garagardo festarako pasioak.

Aldizkako jarduera, bestelako rock taldeetan jasotako esperientzia, eta hainbat publikazioren ostean, 33 urte eta gero, bateratasuna ozen aldarrikatuz itzuli da ISKANBILA!

HISTORIA:

Iskanbila taldea Txirik, Gotzonek, Txakak, Ibanek eta Lapok osatu zuten Arrasaten 1990. urtean.

1992an Lorentzo Recordsen grabatutako lehen maketa argitaratu zuten.

1996ko uztailean berriz, diskoa grabatu zuten Shot!! estudioan. Grabaketa baino lehen Ibanek eta Txakak taldea utzi zuten, baxu-jotzaile lanetan Zakarrak taldean ibilitako Xabi sartu zelarik.

Diskoa grabatua zegoen eta diseinu guztiak prest zeuden, baita diskoaren izenburua ere: Jaio… ta hil.

Diskoa argitaratzeko dena prest zegoenean, Txiri abeslaria errepidean izandako istripu batean hil zen. Gertaera honen ondorioz diskoaren diseinua eta izenburua aldatzekotan egon ziren, baina azkenean dena zegoen bezala utzi zuten. Hau guztiaren ondoren diskoa 1997an, argitaratu zen Plastic Disk argitaletxearekin, eta Saul sartu zen taldeko abeslari lanak egitera.

Geroago Beltza Recordseko Luisek binilozko EP bat argitaratzea eskeini zien. Luisen asmoa Gipuzkoako punk eta Oi! taldeei omenaldia egitea zen, horregatik hainbat bertsio grabatu ziren.

Disko honek 500 aletara mugatutako argitalpena izan zuen, bilduma pieza izateko xedearekin. Hay que machacar biniloa 1999. urtean agitaratu zen.

Urteetan zehar hainbat kontzertu jo zituzten, asko Oi! talde oso esanguratsuekin batera: The Business, The Crack, Red Alert, UK Subs, Oxymoron…

Urtero Txiriren omenaldi kontzertua antolatzen zuten, eta 2006. urtean taldeak azken kontzertua eman zuen.

2012ko otsailean Info7 irratiko Kaleko Mobida irratsaioan Iskanbilako taldekideak elkarrizketatu zituzten. Bertan argitaratu gabeko abestiak entzuteko aukera izan zen, eta argitaratu gabeko beste abesti batzuk bazeudela esan zuten, baita hauek grabatu eta argitaratzeko asmoa zutela (baina auskalo noiz).

2013ko maiatzean kontzertua eskeini zuten Arrasateko Gaztetxean. Oraingo honetan, Saulen ordez Magu (Des-kontrol) abeslari eta Jonny (La Txusma) bigarren gitarra-jole izan ziren.

2015eko maiatzaren 2an, hainbat kontzertu eman zituen taldeak, itzulera mugatua izan zen garaian.

2.023an, Iskanbila taldea oholtzara itzuli zen jatorrizko formakuntzaren Gotzon, Lapo eta Iban partaideez gain, Jabo (baxua) eta Jonny (kitarra) musikariekin.

DISKOGRAFIA:

  • Maketa (1992)
  • Jaio…ta hil! (1997, Plastic Disc)
  • Hay que machacar (1999, Beltza Records)
  • Bizimodu baten historia (2023)

Bildumak:

  • 29 commandments of OI! (1994, Step-1 Music eta Bronco Bullfrog)
  • Dos Anys De Plastic Disc 1996-1997 (1998, Plastic Disc)
  • RIP-versiones25 Hits of Mondra Underground Sounds Vol.1 (2008)

BIZIMODU BATEN HISTORIA (2.023)

Bederatzi abestiz osatutako disko berri hau grabatu eta kaleratzea, Iskanbila taldea berriz elkartzeko detonantea izan da. Lapo eta Gotzonek aspaldi zuten buruan taldearen ibilbidean grabatu gabe geratu ziren abestiak (batzuk behintzat) erregistratzeko gogoa eta asmoa.

Horrela, 2023ko udan Iruñeako Sound of Sirens estudioan grabatu dugu diskoa Julen Urzaiz teknikari lanetan izan delarik.

Lana kaleratzeko orduan berriz, TAE Records arduratu da kopiak fabrikatu eta kaleratzeaz. Vinilo beltz eta horiak atera ditugu eta baita CDak ere.

Tae Recordsen web orrian eta Iskanbilaren zuzenekotan eskuratu daiteke lana, bitartekarien prezio gehigarriak ekidituz.

Spotify plataforman ere, diskoa entzungai dago aurretik kaleratutako beste lanekin batera.

Lana kaleratu aurretik, diskoari izena ematen dion “Bizimodu baten historia” abestia kaleratu genuen single bezala bideoklip formatuan.

*Diskoko abesti zerrenda:

  • Faxismoaren sustraiak
  • Bizimodu baten historia
  • Hik flipaitek
  • Kristashörmen
  • Realzalie
  • Leher dadila Iskanbila
  • Ni ez naiz morroia
  • Pregúntale
  • Hik flipaitek

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen