Oi! talde arrasatearra, 1990ean sortua, kontzertuetara itzuli da eta gainera irailean estudiora sartuko da disko berria grabatzeko. Bihar, zapatua, Musakolako Jaietan kontzertua emango du.
Argazkiak: Iskanbila.
33 urte inguru daramatza Iskanbilak musikan eta bidean pertsona ugari izan dira bertako taldekide. Egungo boskotea ‘Pistolo’, ‘Jabo’, ‘Lapo’, Gotzon eta Ibanek osatzen dute, eta azken hiru lagun hauekin izan gara solasean:
Zelan gogoratzen dituzue taldearen lehen urteak?
Ondo pasatzen genuen, baina gauza askotaz ez gara gogoratzen [barreak]. Taldea bizi-bizi sentitzen genuen eta jarrera oso garrantzitsua zen. Urte haietan ilusio handia genuen, orain bezala.

Zein izan da itzultzeko arrazoia?
Gure asmoa izan da grabatu barik utzi genituen zortzi abestiak orain grabatzea, eta horretarako elkartu ginen baina kontzertu batzuk jotzeko aukera eman digute, eta aurrera jarraitzen dugu.

Noiz aterako duzue disko berria?
Irailean grabazio estudiora sartuko gara, eta horretarako orain kontzertu batzuk emango ditugu. Uztailean geldialdi bat egingo dugu zuzenekoei dagokienez, baina lokalean lan egingo dugu diskoa prestatzeko.
Irailean Nafarroako estudio batean sartuko gara, Gotzon bertan izan da Sindy Berbenasekin, eta esperientzia oso ona izan zuten. Bertako teknikariak oso ondo ulertzen du musika estilo hau, eta konfiantza handia dago estudioarengan eta teknikariarengan.

Zenbat kontzertu dituzue agendan orain?
Hemendik aurrera joko dugu Ziorlan, Bartzelonan eta asteburu berean Lleida inguruan, Atxondon Añuberekin batera, eta Plaentxiko Jaietan. Ondoren grabatzeko tartea hartuko dugu, eta ostean Ondarrun, Urdulizen eta Lleidatik deitu digute berriro bertan jotzeko. Horretan sare sozialak oso lagungarriak dira.

Zer moduz aurreko asteburuko Eskoriatzako kontzertua?
Oso ondo, Eskoriatzako kontzertua oso potentea izan zen, ikus-entzuleak oso gogotsu zeuden baita taldekideok ere. Ederra eta mingarria izan zen [barreak], mingarria taberna txikietan ikus-entzuleekin kontaktu handia dagoenez, kolpe batzuk izan zirelako baina giro onean, gustuko giroan.

Eta Ziorlako kontzerturako gogotsu zaudete?
Bai, lagun gehiago elkartzeko aukera izango da, tabernetako eta gaztetxeetako giroa oso gustuko ditugu baina kontzertu handiagoetakoak ezberdinak dira neurri batean, baita oso gustukoa ere. Soinua ere hobea izango da seguruenik, eta kontzerturako karpa aste honetan jarri dute, beraz jendea beldur barik bertaratu dadila.

Zein abesti eskainiko dituzue Ziorlako Jaixetan?
Beno ba betiko abestiak eskainiko ditugu baita berriren bat ere. Ikus-entzule helduenek ezagutzen dituzten kantuak izango dira gehienbat. Izan ere, adibidez grabatu gabeko abesti horiek kontzertuetan jotzen genituen.
Orain publikoan bada nahasketa bat adinari dagokionez: Iskanbila lehendik ezagutzen zuena, eta kontzertura nostalgia puntu batekin bertaratuko dena, eta ikus-entzule gazteagoak, Iskanbila askotan entzun dutenak, bertsioneatu dutenak baina adinagatik Iskanbila zuzenean ikusi ez dutenak. Nahasketa hori oso polita izan daiteke. Horixe da 33 urte inguruko talde bat izatearen abantailetako bat.

Aldaketarik nabaritu duzue lehen eta orainaren artean instrumentua jotzean edota abestean?
Iban: Bai, orain instrumentuak askoz hobe jotzen dituzte, duda barik. Abesti berberak diren arren, orain askoz potenteagoak dira. Horretan ‘Pistolo’ren parte-hartzea ere nabari da. Soinua orain askoz hobea da eta 33 urteak onerako izan dira.
Publikoaren aldetik zer sentitu duzue?
Inkernu pil-pilean zegoen, kontzertua emozio kontu bat da, lokalean entseatzen, lantzen eta errepikatzen da, baina zuzenean ezberdina da: Saiatzen zara ondo jotzen edota abesten baina hori baino garrantzitsuagoak dira une horretako gorakada, publikoa Iskanbilaren kantuak abesten ikus-entzutea,… Gure ustez Ziorlako kontzertua oso potentea izango da. Musakola eta Arrasate kanpotik ere jende asko bertaratuko dela uste dugu. Ganberroak lehen lerroetan jar daitezela [barreak].
Zerbait gehitu nahi baduzue, aurrera, zuena da hitza.
Jendea Musakolako kontzertura bertaratzera anima dadila, ederto pasatuko dugula. Gainera, merchandising egingo dugu eta taldeko materiala erosgai jarriko dugu. Zaleei azaldu nahi diegu irailean, disko berrian lan egiteko, eta kontzertuei dagokienez, geldialdi bat egingo dugula. Hau da, ez garela itzuli irailera arte soilik. Stand by kendu dugu, eta on botoari sakatu diogu. Eta hemendik aurrera jubilatu arte [barreak].




