Irailaren 26an frankisten errepresaliatuei omenaldia egingo diete [Testua: Intxorta 1937]

0
750

1936ko irailean kolpistek, Debagoienera sartu zirenean, aurrean aurkitu zituzten etsaiak pertsona zibilak ziren… eta erail eta desagerrarazten hasi ziren: Oxintxu eta Angiozar auzoak Bergaran, Gatzagan, Marin auzoan Eskoriatzan, Oñatin, Arrasaten…

1936ko urria eta azaroa bitartean 67 Debagoiendar zibil erail zituzten, epaitu gabe.

Baina frankistek Debagoienera sartu aurretik, 5.000 pertsona baino gehiago Bizkai aldera ihesian joan ziren.

1200 gudari eta miliziano frontean ibili ziren, horietatik 313 hil zituzten, eta hauetatik 55 erailak. 887 espetxeratuak izan ziren, hauetatik 128 Frantziara ihes egitea lortu zuten eta bertako konzentrazio eremuetan sartu zituzten, Estatuan atxilotutakoei 48ri heriotz zigorra ezarri eta horietatik 17 fusilatuak.

Beste 1000 pertsona (gehienak emakumeak ume eta gurasoekin) erbesteratu ziren hainbat lekutara: Frantzia, Ingalaterra, Katalunia, Belgika Errusia… horietatik 460 umeak ziren (gerrako umeak), 16 urte baino gutxiago zituztenak.

Beste errepresio motak:

  • 18 emakume ile mozketak eta errizino olioa hartzera behartuak.
  • 3 emakume bortxatuak.
  • 44 maisu maistrak zigortuak
  • 435 pertsonei isun ekonomikoak
  • 607 (101 emakume) langile kaleratuak izan ziren Union Cerrajeratik
  • Baina zenbatu ezin den beste errepresio bat sistematikoki ezarri zuten: BELDURRA

85 urte pasatu dira Justiziarik egin gabe. Horregatik, kolpe militarra salatzeko eta Debagoieneko frankismoaren biktimei omenaldia egiteko datorren domeka, hilak 26, eguerdiko 12:00etan, J. M. Arizmendiarreta plazan bilduko gara EGIA ta JUSTIZIA tinko aldarrikatuz.

Herri bakoitzeko errepresio zuzena jasan zuen pertsona batek hitza hartuko du.

Baita Haizea eta Oihana Arana bertsolariak, Arrostain dantza taldea, trikitilariak, txistulariak, Goikobalu abesbatza, Txorbela Otxotea… ere, gurekin egongo dira.

Gure bailararen memoria bizirik!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen