Iosu Arkauz eta Unai Paroten aldeko zenbait ekintza aurkeztu dituzte martxo eta apirilerako

0
1718

Kulturateko Loramendi gelan prentsaurreko jendetsu bat egin zuten atzo Iosu Arkauz eta Unai Paroten aldeko zenbait ekintza aurkezteko helburuarekin bai martxoan eta bai apirilean.

Martxoaren 13an: Hitzaldia: “biziarteko zigorrik ez”. Haizea Ziluaga eta Txema Matanzas Abokatuek hitz egingo dute Kultur Ateko areto nagusian.

Martxoaren 18an “Argi izpiak txarrantzen artean” liburua aurkeztuko dute egileek. Mugimendu feministarekin elkarlanean antolatu dugu aurkezpen hau.

Martxoaren 27an azken ostirala berezia “30 urte kantuz”. Hamarkada bakoitzeko kantu adierazgarri bat abestuko dute herriko abeslariak.

Apirilak 2an. 19:00etan manifestazio Seberotik hasita “30 urte asko da. Aski da! Biziarteko zigorrik ez!!! lelopean.

Hau da aurkezpenean irakurri duten testua:

Azken 29 eta 30 urte espetxean egon diren pertsonei buruz hitz egin behar dugunez, Josu Arkauz eta Unai Paroti aplikatutako legeari buruz hitz egin behar dugu lehenik. Atxilotutako garaian indarrean zegoen 1973ko kode penala aplikatu zitzaien. Kode penal honen arabera, izaera bera duten delituengatik bateratu egin daitezke zigorrak. Hots, nahiz eta 300 urteko zigorra jaso epaiketa desberdinetan, azkenean hauek guztiak 30 urtetan gelditzen ziren. Eta garai hartako legea aplikatuz, 30 urte horiei kendu behar zaizkie espetxean egondako tarte horretan lortutako erredentzioak edo espetxe zigorraren murrizketa: onura arrunta, espetxean egindako bi eguneko bat ematen zizun espetxe sistemak; eta berezia, beste hainbeste ikasketak, kirola, eskulanak eta abar egiteagatik. Hau guztia zigortuta egon gabe. Eta nola lortu hori zigor sistema guztia euren esku egonda?

Beste aldetik, preso bat hiru egoeratan sailkatu daiteke eta modu sinplean bakoitzak ezaugarri hauek ditu: 1. gradua (gogorrena eta ziegan denbora gehiena), 2. gradua (arinagoa eta espetxetik irteteko baimenak lortzeko beharrezkoa) eta 3. gradua (bakarrik lo egiteko espetxera) . Bestalde, ezin dugu ahaztu legearen espiritua, eta honen arabera helburu nagusia, zigortutako pertsona gizarteratzea dela. Behin oinarri hauek ezarrita. Galdera erraza aireratuko dugu: Bi preso hauei aplikatu zaie legea? Erantzuna sinplea da, lege arrunta ez diete aplikatu eta gainera, etengabe trikimailu desberdinak erabiliz, zigorra luzatzen saiatu dira eta lortu ere bai.

Euskal Herrian nozitu dugun gatazkan espetxean salbuespenezko legedia ezarri eta gogortuz joan dira, kaleratzea ezinezko bihurtzeko asmoarekin (lege aldaketak). Unairen kasuan, lehenik “Parot Legea” deiturikoa aplikatzen saiatu ziren, hots, erredentzioa gehienezko 30 urte horietatik aplikatzen hasi beharrean, zigor osotik kentzen hastea. Horrekin lortzen zuten 30 urte osotasunean bete beharra. Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak ezetza eman zion lege honi eta oroituko zaretenez, preso ugari atera ziren espetxetik sententzia horrekin, baina zegokiena baino denbora gehiago eginda espetxean. Unairekin hori ez zutenez lortu, beste trikimailu bat asmatu zuten eta bigarren aldiz epaitu zuten ETAko kidea izateagatik. Ezin da zigortu bi aldiz ETAko kide izateagatik, beraiek argudiatzen dute hainbat urtetan ez zela ETAko kidea izan, eta gero berriz sartu zela erakunde horretan. Baina argudio hori ez dago nondik hartu. Espetxean sartu zutenetik hiru hilero zein sailkapenean dagoen notifikatu zaio Unairi idatziz (lehen aipatutako 1. 2. edo 3. gradua). Eta ezetz asmatu zergatik sailkatzen zuten beti 1. graduan (sailkapen gogorrenean), bada, ETAko kide izateagatik, ez zituelako loturak apurtzen ETArekin. Beraz, tarte horretan ETAko kidea bazen, ez da egon etenik eta ezin dute epaitu bi aldiz gauza berarengatik.

Josuren kasuan bereizi egin dute Frantzian espetxean egindako denbora tartea eta Espainian
egindakoa, batean zein bestean ziegak desberdinak izango balira bezala. Ze lortzen dute honekin? Modu sinplean esanda, Josuk Frantzian egindako denbora ez kontatzea eta Espainian 30 urte bete behar izatea. Espainian atxilotu izan balute aspaldi legoke kalean. Bi errefuxiatuen egoera ere salatu nahi dugu lerro hauen bidez. Lehena, Jose Manuel Pagoagak “Peixoto” 50 urte baino gehiago darama errefuxiatuta, larriki zauritu zuen Batallon Vasco españolak 1979 eta Hego Euskal Herrira etorriz gero, aske geldituko bermerik ez du. Bigarrena, Eugenio Barrutia “Arbe” 1978an egin zuenak alde Arrasatetik. 1981ean atxilotu zuten Baionan eta 1984an deportatu zuten Venezuelara. Geroztik 35 urta daramatza Venezuelan deportatuta linbo juridiko batean. Hauek ere etxean nahi ditugu!

Legeak dio presoa euren senideengandik edo bizilekutik gertuen dauden espetxeetan egon beharko lukeela. Non daude Unai eta Josu? Puerto de Santa Marian eta Murtzian, hurrenez hurren. Batez besteko bat egingo dugu eta 1000km-ra daudela jarri dezagun. Astero joan eta etorri 2000 km. Urteak 51 aste dituenez, 102.000 km urtean. 3 milioi eta 60 mila kilometro egin dituzte senideak hauetako preso bakoitza ikusteko. Ziega batean egoteko Cadizen egon edo Langraitzen egon ze alde dago presoarentzat? Honek zementu bera ikusiko du han eta hemen. Beraz, nork egin ditu 3 milioi eta 60 mila kilometro urte horietan guztietan. Nor zigortzen dute neurri honekin? Senideak, jakina!

30 urte lehen graduan, horrek esan nahi du egunean bi eta ordu artean irtengo zarela patiora eta beste denbora guztia ziegan pasatu behar duzula. Ziegan gauzak oso mugatuta, astean bi gutun idatz ditzakezu eta irekita entregatu behar dituzu, kontrol handia, miaketak egunero, etengabeko ziega aldaketak (garai batzuetan egunero), jipoiak, irainak, tentsio handia… Zer ez da gertatzen horrelako egoera batean!!! Garbi daukagu oso zaila dela espetxean gertatzen dena bere osotasunean azaltzea, beraz, zertzelada bat besterik ez da hemen idatzitakoa. Guk ez ditugu epaituko Josu eta Unai. Pentsatzen dugu euren zigorra aspaldi bete zutela eta kalean egon behar direla. Are gehiago, gaur egun bizi dugun egoeran: ETA dagoeneko ez da existitzen, baina presoen senideek milaka kilometro egiten jarraitzen dute. Mendeku hutsa da, astebururo pairatzen duten biolentzia eta heriotza asko ekarri duena. Beraz, lehen urrats bezala, Euskal Herriko espetxeetan nahi ditugu eta ondoren kalean. Zergatik? Bi kasu hauetan
jarritako zigorra aspaldi beteta dutelako!!! Eta Demokrazia, konponbidea eta bakearen izenean, guzti-guztiak behar ditugulako kalean!!

ETXEAN NAHI DITUGU!!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen