“Interneten txikia bazara, produktu berezi barik, onena duzu taldean aritzea”

0
929

BNI Aukera Debagoienak antolatuta, Internet bidezko hitzaldia egin zen atzo: ‘Ekonomia lokala mundu digitalean eta COVID-19aren ondoren’. Lantaldeko Unai Etxebeste ordezkariak ekimenaren inguruko xehetasunak eman ditu.

Argazkia: Unai Etxebeste / Bideoa: BNI Aukera Debagoiena.

BNI Aukera Debagoienak antolaturik, online hitzaldia egin zen atzo arratsaldean: ‘Ekonomia lokala mundu digitalean eta COVID-19aren ondoren’.

45 entzule inguruk jarraitu zuten adi ekitaldia, eta 4 hizlari aritu ziren euren ezagutzak partekatzen.

Debagoieneko Mankomunitateak azaldu zituen merkataritza eta komertzio txikia digitalizatzeko laguntzak. Gainera, zalantzak argitzeko hainbat kontaktu aipatu zituen.

BNI Aukera Debagoienak ere bere burua aurkeztu zuen, eta azaldu zuen astero-astero Garaia Parke Teknologikoan bilera egiten duela.

“Bertan bilerako partaideen artean kontaktuak elkar banatzen ditugu, hau da, elkar laguntzen dugu” azaldu du Unai Etxebeste arrasatearrak.

Ondoren, B-Lokalen ordezkari batek azaldu zuen market place berri bat sortzeko asmoa. Lehenengo Arrasaten eta ondoren Debagoiena osora zabaltzea du helburu.

Komertzio eta ostalaritza zerbitzuekin elkarlanean arituko da, banaketa sistema sostenigarri batekin. Zerbitzu honek eskaintzen du berak produktuak eguneratzea, eta ondorioz komertzioak ez du lan hori egin beharrik.

Ondoren, Skura kooperatibak azaldu zuen ostalarien eskaintza herritarrei gerturatzeko Jangou aplikazioa sortu berri duela.

Aplikazio honetan herritarrak ostalaritza sektoreko kartak, menuak edota eskaintzak eskura ditu. Ekimeneko sustatzaileen hitzetan, koronabirusaren harira, “behar komunei tresna komunak jartzeko garaia da”.

Ostean, Ugatu enpresako ordezkaria aritu zen. Bergarako torlojugintza enpresak duela 15 urte Internet eskaintzen hasi zen. Denbora tarte honetan 5.000 erreferentzia kudeatzetik 45.000 kudeatzera igaro dira.

Enpresako ordezkariak dendariak animatu zituen beldurra gal dezaten eta Interneten ere saltzera. Hartara, formakuntza eta bidelagun egokiak aukeratzea aholkatu zituen.

Azkenik, BNI Aukera Debagoiena taldeko aditu batzuek zenbait aholku eman zituzten, besteak beste, inbertsioa beharrezkoa dela, irudi bat mantendu behar dela, argazkiak oso garrantzitsuak direla, komentarioei beldurra galdu behar zaiela eta kudeatzen jakin behar direla.

Hitzaldiko mezu garrantzitsuenetako bat izan zen “Interneten txikia bazara, eta produktu oso berezi bat ez baduzu, onena da taldean lan egitea. Horixe da BNIn egiten duguna. Izan ere, gu arlo ezberdinetako kidez osaturiko taldea gara. Horrela, gure artean elkarri laguntzen diogu, kontaktuak bilatuz. Bai Interneten, bai benetako munduan, elkarlana behar dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen