‘Internazionalistak garelako, lehen urratsa Euskal Herria’ hitzaldia eskainiko dute igandean Gaztetxean

0
160

Testua: AGAKO.

Ekainaren 6an, igandean, 18:00etan Arrasateko Gaztetxean Internazionalismoaz jardungo dugu, eta herritar guztiei gonbidatzen diegu bertan parte hartzera.

Beti hala izan bada ere, garai bereziki zailak bizi ditugu zapalkuntzarik gabeko mundu berri bat eraiki nahi dugunok. Garai zailak,
jendearen arteko harremanak gidatuko dituen oinarrizko printzipio etikoa elkartasuna izango den mundua nahi dugunontzat.

Covid19ari aurre egiteko aplikatutako politikek kapitalismo heteropatriarkalari lotutako sintoma guztiak biderkatzea eta bizkortzea
ekarri dute. Beldurra giza-harremanen zirrikitu guztietan zabaltzen da; “ahal duenak bere burua salba dezala” lelo famatuari segika, lehia biziak edozein kolektibitate-zantzu mehatxatzen du. Osasun-arazo orokor bati irtenbidea aurkitzea bezain oinarrizkoa den zerbait, merkatuko lege basatienek gidatu dute, kolpe, mehatxu eta pelotazoen laguntzaz. Mundua gelditu dela sinestarazi nahi digute, eta harekin batera guk ere gelditu behar dugula, langile-klasearen aurkako mundu mailako erasorik handiena burutzen ari den bitartean, eta esku-hartze inperialistek eta euren askapenaren alde borrokan diren herrien aurkako errepresioak jarraitzen
duten bitartean.

Horregatik guztiagatik, internazionalismotik gure herria eta munduko gainerako herriak askatzeko borrokatzen jarraituko dugu. Gaur inoiz baino gehiago, eta egungo erasoari aurre egiteko. internazionalismoa borrokarako ezinbesteko tresna dela uste dugu. Izan ere, orain, ofentsiba kapitalista betean, inoiz baino beharrezkoagoa da ezarritako botereari hainbeste min ematen dioten harreman horiek elikatzen jarraitzea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen