Indarkeria matxistaren Bilboko erailketa salatu da bilkuran: “Aski da!”

0
536

Beheko testua eta argazkia: Arrasateko Mugimendu Feminista.

Orioko eta Gasteizko erailketa matxistetatik denbora gutxira, Bilbon gertatutako beste erailketa matxista baten berri izan genuen ostiralean. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gure herrian aurten gertatu den hirugarren erailketa matxista hau gogor salatu nahi dugu.

Jarraitzeko lehenik eta behin gure samina eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu familia eta lagunei. Baina horrekin batera, nazkatuta gaudela ozen aldarrikatu nahi dugu. Indarkeria matxista ahalbideratzen dituen jarrerra konplize guztiekin amaitzea eta erasotzaileei aurre egitea jendarte osoaren ardura izan behar du. Bada garaia beraz, aurrera urrats handiagoak emateko norabide horretan eta bakoitzak bere esparrutik dagokion ardura har dezan.

Indarkeria matxistak ez duelako etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte. Indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorioa baita. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula. Ozen esaten dugu feminismoaren bidea dela soilik gizartea errotik aldatuko duen bidea.

Autodefentsarako deia egiten dugu, feministok batu behar gara gizartea errotik aldatzeko. Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea.

Aski da! Erailketa matxistarik ez! GORA BORROKA FEMINISTA!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen