Iñaki Landa, Kooperatibismoarekiko konpromisoan langile, zendu da

0
4817

Fagor Industrialeko Errektore Kontseiluko lehendakari, ETEOko zuzendari, Mundukideko lehendakariorde, Emun-ekiko Fagorren harremanen ordezkari eta beste hainbat lan bete egin zituen. Tamalez gaur Arrasaten zendu da, gaixotasun luze eta larri baten ondorioz.

Argazkia: Familia.

Iñaki Landa Aizpuru 1942ko uztailaren 24an jaio zen Gorlizen eta bere bizitzaren zati handiena Arrasaten eman zuen.

Denbora tarte honetan Fagor Taldean hainbat lan garatu zituen, besteak beste, Fagor Industrialeko Finantza zuzendaritza 1985ean, eta kooperatiba bereko Errektore Kontseiluko lehendakaritza 1987an.

1990eko hamarkadaren erdialdean ETEO edo ‘Escuela Técnica Empresarial de Oñati’ko (Oñatiko Enpresagintza Eskola Teknikoko) zuzendari bezala lan egin zuen.

Aipatzekoa da “1995etik Mondragon Unibertsitateko Enpresagintzak (lehengo ETEO) aplikatu egiten duela Erabateko Kalitatean oinarritutako kudeaketa eredua”, MUk berak azaldu bezala.

Halaber, 1998ko hasieran Fagor Taldea eta Emun elkarrekin hitzarmen bat lantzen hasi ziren, Iñaki Landa taldeko idazkari tekniko eta ordezkari gisa.

“Pertsona oso zorrotza zen” gogoratu du hitzarmen orokor horren eta eranskinen sorkuntzan ere lan egin zuen Juan Luis Arexolaleiba ‘Gatxi’k.

“Beti gertuko pertsona zen, beti apal eta irribarretsu. Goxo hartzen gintuen” estimatu du bilera haietako Emun kooperatibaren ordezkariak.

Oro har, “pozgarria da ikustea momentu hartan enpresa barruan euskaldundu egin zirela, hainbat pertsona eta horien artean Iñaki”.

Izan ere, “hasierako bilerak gure artean erdaraz egiten ziren, ondorengo bilerak elebitan egiten hasi ginen, eta azken bileretan harreman osoa euskarazkoa zen”.

“Hori gure prozesua (euskara lan-munduan eta Fagorren sustatzea) ondo zihoala erakusten zuen deitaletxo bat zen”.

Era berean, 2000. urtean, Mundukideko patronatua eratu zenean, Iñaki Landa eta bere lankide Pilar Etxaniz Fagorren ordezkariak izan ziren.

Hortaz gain, Iñakik 2004an Mundukideko lehendakariorde bezala jardun zuen, eta 2007. urtean, jubilatu zenean, Mundukideko patronatua utzi zuen.

Denera 8 urteko ibilbidea egin zuen kooperaziorako fundazioan, eta Mundukidek gaur azpimarratu du “erantzukizuna eta konpromisodun gizona izan zela Mundukideko familian”.

Fagor Taldeko idazkari tekniko bezala, “asko arduratu zen Fagor kooperatiba Mundukideko bidelagun izan zedin”.

“Fagorrek eta Mundukidek elkarbanatzen zituzten Elkartasun Unibertsala, Lana eta Eraldaketa Soziala bezalako baloreak ziren” arrasatear honek “Mundukideri emandako guztiaren oinarri. Mila esker Iñaki!”.

Kooperatibismoko lanak bete ostean, eta erretiroa hartu ondoren, pentsio duinen aldeko borrokan parte hartu zuen, Arrasateko Pentsionistak taldean, besteak beste, pandemia garaian.

Hortaz gain, aita eta aitona bezala ere jardun du hamarkadetan zehar. Tamalez, gaixotasun larri eta luze baten ostean, gaur zendu da Arrasaten 82 urte zituela.

Familiak estimatzen ditu herrikideengandik jasotzen ari den maitasun- eta dolumin-mezuak. Lurrak goxo har zaitzala Iñaki, gurekin bego.

Eskela

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen