“Ikasturtea ahalik eta normaltasunik handienarekin hasten saiatu gara”

0
700

Arizmendiko haur hezkuntzako arduraduna den Aitor Elizaranek ikasturte berri honetan hasiera nolakoa izan den azaldu du

Garai zailak dira hezkuntzarentzat. Covid-19aren agerpenarekin, Arrasateko eta, oro har, Euskadiko bizilagunek behin baino gehiagotan jarri dute zalantzan haurrak ikasgeletara itzultzea segurua den ala ez. Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza Sailak, bai eta Euskadiko ikastetxe bakoitzak ere, hainbat neurri jarri ditu abian ikastetxeetara buelta segurua izan dadin.

Ikasgeletara egokitzeko hartu diren neurrien artean, Aitorrek esan du, eskolak ahalik eta normalitate handienarekin hasten saiatu diren arren, ikasturtea hasteko hainbat neurri hartu direla: “Ahal den neurrian, ikasturte hasiera hau ahalik eta normalena izan dadin saiatu gara, baina, logikoa denez, hainbat neurri hartu behar izan dira; sarreretarako eta irteerretarako ordutegi desberdinak  zehaztea,  musukoa erabiltzea, segurtasun distantziak mantentzea,  gel hidroalkoholikoa erabiltzea eta abar. Horretaz gain, talde finkoak ezarri ditugu ikasleak ahalik eta gutxien nahasteko eta funtzionamendu-arauak gune bakoitzaren ezaugarrietara egokitu dira. Arizmendi gune ezberdin askoren kumulua da, eta protokolo komun bat zehaztu bada Arizmendi osorako, gune bakoitzak bere protokolo propioa zehaztu du,  ez zigun balio protokolo komun bat ezartzea gune guztientzat. Gune bakoitzera ondoen egokitzen dena egin behar izan dugu. Gaur egun Arizmendiko ikasle guztiak gelan daude, eta gurasoren batek ere ez du erabaki seme-alabak etxean uztea”.

Aitorrek adierazi duenez, irakasleen segurtasunaz ere arduratu dira,  ohikoak diren segurtasun neurriak hartuz.  

Bestalde, aisialdiko espazio komunak erabiltzeko orduan jarduteko metodoa zein den ere azaldu du: “Arizmenditik aisialdirako espazioak erabiltzen jarraitzearen aldeko apustua egin dugu, horretarako ordutegi eta metodo espezifikoak ezarriz ikastetxe bakoitzerako. Gainera, haurrak egunero mugitzen diren hiri-espazioak erabiltzeko protokolo bat lantzen ari gara. Hala eta guztiz ere, ahalik eta modu normalenean funtzionatzen jarraitu nahi dugu”. Laburbilduz, barne eta kanpo testuinguruak erabili nahi ditugu.

Aste honetan, Aretxabaletako Basabeazpiko 5 urteko haurrak etxean konfinatu behar izan direla ezagutu da, irakasle batek PCR proban positibo eman ostean. Aitorri horren inguruan galdetu nahi izan diogu, eta Arizmendi osatzen duten guneetako batean positibo berriak atzemanez gero nola jokatu duten galdetu diogu: Osasun Sailak ezarritako protokoloari jarraituz, positiboa hautematean Osakidetzako arduradunekin harremanetan jarri ginen eta haiek jarraitu beharreko protokoloa zehaztu ziguten. Dena den, zehaztu nahi nuke ikastola ez dela zero arriskuko lekua. Ahal diren neurri guztiak hartu dira eta ahal den guztia egin da ahalik eta espazio seguruenak izan daitezen, baina egoera dena da eta arriskua beti dago. Bestalde, Osakidetzak adierazi digu oso zorrotzak izan behar dugula ikasleen eta irakasleen asistentzia erregistratzearekin, rastreoarako oso garrantzitsua baita egun bakoitzean ikastolan nor egon den erregistratuta ondo jasota izatea.  Basabeazpiren kasuan, adibidez, hainbat ikasle ez ziren ikastolara joan egun hartan eta, ondorioz, ikasle hauek ez daude etxean, ikastolan baizik”.

Arizmendi ikastolak helburu orokor batzuk zehaztu ditu etapa guztietarako:

  1. -Gure jarduna bitariko ikaskuntzara ekartzea (presentziala eta on line) eta horretarako ikas materialak eta guneetako espazioak egokitzea.
  2. Ikastola toki segurua eta konfiantzazkoa izatea eta horretan ari gara
  3. Konfiantzaren pedagogia testuinguru berrira ekarrita geure bidea jarraitzea.
  4. Osasun hezkuntza: Ohitura berriak sistematizatzea ikasleak protagonista bihurtuz. 
  5. Eskenatoki  hau gure proiektu pedagogikoa aberasten jarraitzeko abagune moduan hartzea.

Eta zeintzuk dira Arizmendiko nahiak?

  1. Jarduera presentziala lehenesten dugu bestelako jarduera mota batzuen gainetik.
  2. Unitate minimoa taldea izango da, ez da norbanakoa.
  3. Kanpo espazioan jardungo gara ahalik eta gehien (natura+hurbileko espazio urbanoa). 
  4. Osasun emozionala etapa guztietan modu sistematikoan landuko da.
  5. Kutsatze-kasuen aurrean sor litezkeen estigma, erru, urruntze, kontrol eta deskonfiantza-jarreren aurrean, kontzientziazioa, autoerregulazioa, konfiantza, elkarlana eta elkartasun-jokabideak bultzatu eta landuko dira.

Gaur egun,  Euskadiko 71 ikastetxek itxita dituzte ikasgelak, Covid-19aren ondorioz. Guztira, 92 gela itxi dituzte, ikasturte honetako eskolen % 0,52, baina ikastetxe guztiak zabalik daude, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakitera eman dituen azken datuen arabera (irailaren 17ko 12: 00ak arte).  

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen