Ikamak indarkeria matxistaren aurkako aldarria plazara atera du

0
1513

Gaur eguerdian, azaroak 25, Ikamak deitutako elkarretaratzea egin da Arrasateko Herriko Plazan, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean. Eguraldia lagun ez izan arren, hainbat herritar bertaratu dira aldarria plazara eramatera.

Elkarretaratzean irakurri duten adierazpenean, antolatzaileek ohartarazi dute “indarkeria matxista erabiltzen dutenek emakumeen babesaren izenean diskurtso arrazistak eta transfoboak justifikatzen saiatzen” ari direla. Azpimarratu dutenez, halako jarrerak arriskutsuak dira eta ez dute inolako babesik bilatzen, baizik eta bazterketa eta gorrotoa elikatzen.

Gazte feministek ere argi utzi dute eraldaketaren norabidea: “Konplizitate sareak hausteko garaia da; feminismoa da sistema osoa eraldatzeko tresna”. Horregatik, mobilizazioaren mezua irmoa izan da: indarkeria matxistaren aurrean ez isiltzea eta kalean erantzutea.

Aldarrikapenaren amaieran, parte-hartzaileek gogorarazi dute borroka feministak ez duela etenik: “Gure bizitzak erdigunean jarriz, kolektibotasunetik eta irmotasunez erantzungo diogu biolentziari. Autodefentsa feminista da gure aliantza politikoa. Gora borroka feminista!”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen