Ibai-Artek mariatxi kontzertuak antolatu ditu astebururako

0
1891

Argazkia: MB artxiboa / Beheko testua eta kartelak: Ibai-Arte.

Arrasatek musikaz, festaz eta giroz beteriko asteburu berezia biziko du datorren ostiralean, hilak 13, eta larunbatean, hilak 14, kaleetan. Bi egun horietan hainbat mariatxi emanaldi antolatu dira herriko hainbat tokitan, herria animatzeko eta herriko merkataritzari balioa emateko.

Lehenengo ekitaldia ostiral gauean izango da, Mondragon Hotelean. Afari berezia egingo da bertan, Tolin Mariatxiaren zuzeneko emanaldiarekin batera. Gastronomia, musika mexikarra eta festa giroa uztartuko dira, eta aurreratzen dugu ezusteko batzuk izango direla gauean.

Afarira joan nahi dutenek Mondragon Hotelean bertan egin dezakete erreserba, telefonoz deituz, hotelera bertara hurbilduz edo web orriaren bidez.

Programazioak aurrera jarraituko du larunbatean, hilak 14, Arrasateko erdiguneko hainbat txokotan mariatxi musika gehiago eskainiz. 13:00etan, Duo Imperial taldeak emanaldia eskainiko du Txoko 2n, eguerdiko giroa alaituz.

Arratsaldean, 19:00etan, musika Izozkitegiko plazatxora iritsiko da. Bertan, Los Gavilanes taldeak erritmo bizia jarriko du arratsaldean, herriko erdigunea jai giroz betetzeko pentsatutako kontzertuarekin.

Ekimen honekin, kaleak musikaz eta alaitasunez bete nahi ditugu eta, aldi berean, herriko merkataritzaren garrantzia ikusarazi, Arrasateko merkataritzak bizirik jarraitzen duela eta udalerriko bizitzaren funtsezko parte garela gogoraraziz.

Gogoratu behar da Arrasateko Merkataritzaren Jaiaren kanpaina honetan parte hartzen dugun establezimenduek merkataritza-pasaporteak ditugula, eta hauek saltoki bakoitzaren zigiluekin osatzen joan zaitezkeela. Pasaportea betetzen baduzu herriko saltokietan gastatzeko 100 euroko 20 erosketa txartelen zozketan sartuko zara. Gainera, pasaportea osatze hutsagatik opari seguru bat jasoko duzu.

Antolakuntzatik saltokiak bisitatzera animatzen zaitugu, erosketak egitera eta merkataritza dinamizatzeko eta Arrasateko kaleak bizitzaz betetzeko pentsatutako kanpaina honek eskaintzen dituen jarduera eta abantaila guztiez gozatzera.

Ibai-Artek antolatu du ekimena, Arrasateko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren laguntzarekin.

*Ibai-Arteko bazkide ez bazara baina elkartearen edozein ekimenetan parte hartu nahi baduzu, deitu 688734149 telefonora.

ibaiarte.com

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen