Argazkia eta kartelak: Daniel eta Ariana Nespereira eta Zihara Etxeberria.
Daniel eta Ariana Nespereira arrasatearrek eta Zihara Etxeberria aramaioarrak ‘Erbestean’ izeneko film laburra estreinatu dute Youtuben. Duela pare bat urte Doke Antzerki Taldean elkar ezagutu zuten 14 eta 16 urteko hiru gazte dira. Ziharak azaldu duenez, “Ariana eta biok izan dugu txikitatik antzerkilaritzarekiko zein interpretazioarekiko zaletasuna. ‘Erbestean’ laburmetrairako gidoia idatzi bezain laster, honen berri eman nion Arianari, proiektuan parte hartzeko gonbitea luzatuz. Nire pozerako, Arianari izugarri gustatu zitzaion ideia eta pixkanaka hasieran zirriborroa besterik ez zen gidoiari forma ematen hasi ginen.”
Film laburra ekoizteko unean, Daniel Nespereiraren laguntza ere izan dute. “Danielek zuzendari lanak egin zituen, gure ideiak landu eta hauek laburmetraian islatzea ahalbidetuz. Zuzendaritza lanaz gain, muntaia ere berak gauzatu zuen, izan ere gustuko ditu tankera horretako ikus-entzunezko jarduerak.”
Gainera, proiektua Laburbira, Euskarazko film laburren zirkuitura, aurkeztu dute. “Esan beharra dago hirurontzat oso esperientzia polita eta aberasgarria izan dela laburmetrai hau ekoiztea, eta orain, Laburbirari esker, gure lana ezagutzera emateko aukera izango dugula espero dugu.”

‘Erbestean’ film laburraren sinopsia
Bi aste igaro dira Garazik Ainara bere etxera azkenekoz gonbidatu zuenetik. Bakardadez eta melankoliaz beteriko bi aste Garazirentzat. Bere bizitza ustekabean aldatu duen gertakizuna isilpean gorde behar baitu. Hamalaugarren egunean, amore eman eta Ainarari egia aitortzen dio.