Herritarrek jasangarri mugitzeko bidea erraztuko die Mugikortasun Asteak

1
2466


Irailaren 16tik 22ra ospatuko da Europa mailako Mugikortasun Astea, eta aurkezpena gaur eguerdian egin da Biterin. Aurkezpenean parte hartu dute [goiko argazkian, ezkerretik hasita]:

Maddi Fernandez de Larrinoa (Plazabizi ekimeneko ordezkari), Garazi Etxeberria San Miguel (Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotzia), Rafa Ugarte (Udaleko Ingurumen Saileko teknikari), Naiara Corcuera Landaluze (Udalako Ingurumen Eskolako irakasle) eta Nerea Lazpiur Ibarzabal (Udaleko Garapen Iraunkorreko teknikaria).

Orain arteko bideari jarraituz, Arrasateko Udalak ekintza sorta bat antolatu du, “eta osagarritu edo txapela jarri diote Mankomunitatetik”.

Izan ere, “eskualde mailako planteamendu batekin gatoz aurten, eta Mankomunitatetik antolatutako zenbait ekintza gure programan txertatu ditugu”.

“Eta bateratzen saiatzen jarraituko dugu datozen urteetan. Horri gehitu egiten diogu PlazaBizi ekimenaren aurkezpena, Mugikortasun Astean egingo dena”.

Mugikortasun Astea kontzientziazioa du helburu, “eta uztartu nahi ditugu urtean zehar egiten diren beste ekimenekin”.

Ildo honetan, aurtengo apirileko Osoko Bilkuran onartu zen behin betikoz Mugikortasun Jasangarrirako Plana, 5 urte iraungo duena, garatuz.

Egitarauari dagokionez, besteak beste, herri-busa doakoa izango da, Eskolara Oinez ekimena eramango da aurrera, Bizikleta konpontzeko tailer ibiltaria egingo da(Aldundiak antolatuta), eta Gure bizikleta elektrifikatzeko bi saio eskainiko dira (Mankomunitateak antolatuta). Lehen saioa 09:30ean izango da eta bestea 12:00etan.

Bizikleta Azoka irailaren 20an, zapatuan izango da, 11:00etatik 13:30era, eta materiala entregatzeko aukera larunbat honetan (irailak 13an) irekiko da. Horretarako ere aukera izango da datorren asteartean (irailak 16) eta ostegunean.

Egitarauarekin jarraituz, domekan, irailaren 21ean, Arrasateko Udalak antolaturiko oinezko ibilaldi bat probestuko da, ‘Erromes bidea’ izenekoa, Arrasate eta Arantzazu artean.

“Gomendatzen dugu Mugi txartela eramatea eta handik autobusez Arrasatera itzultzea”.

Mankomunitateak ere antolakuntzan dihardu, eta zozketa bat egingo du irailaren 22an, astelehena.

“Parte-hartzea oso erraza da: Herritarrak iraunkortasunaren inguruan duen proposamen bat aurkeztea”. Saria Mugi txartela errekargatzeko 20 € dira, eta hainbat saridun izango dira.

Irailetik abendura, iaz egin bezala, DBHko 1. mailako ikasleentzat ikastaroak izango dira, eskola publikoan bertan egingo direnak. “Erakutsiko diete bidegorrian, errepidean nola ibili modu egokian: arauak, eskubideak, betebeharrak,… Ariketa batzuk ere egingo dituzte piboteak erabilita, eta kalean ere izango dira”.

Eskolara Oinez ekimena Udalako Ingurumen Eskolak antolatzen du, eta “animatzen dugu jende guztia ikastetxera oinez joatera”.

“Bi ibilbide sortuak dira aspaldi, eta Herri Eskolarekin bide horiek baliatzen jarraitzea asmo dugu. Bata Biteritik abiatuko da 8:30ean, Erdialdean bizi den jendeak erabiltzeko. Bestea San Andrestik aterako da 8:35ean, eta Udala plazatik gora eginda, Erguin auzoraino iritsiko da”.

Izen-ematea behar da, Ingurumen Eskolako bi irakasleak bi abiapuntuetan izango dira, eta taldetxo batzuk sortuko dira. Ondoren, ikasleak bidean zehar bideratuko dituzte.

“Helburua da jendeari erakustea antolatzen bagara posible dela oinez mugitzea, bidean ondo pasatzea, herria ezagutzea, ohitura osasuntsuak hartzea, eta jasangarritasunaren alde egitea”.

Bizikleta merkaturako materiala aurkeztu ahalko dute herritarrek zapatu honetan, 11:30etik 13:30era. Baita datorren asteartean eta ostegunean, goizez (11:30etik 12:30era) eta arratsaldez (17:00etatik 19:00etara).

“Aurkeztu ahalko dira gurpildun ibilgailu jasangarriak, motorrik gabekoak, patinak eta patineteak ezin dira aurkeztu. Jabeak zehaztu beharko du aurkezten duen materialaren prezioa. Helburua da zirkuituz kanpo dagoen materiala (etxeko garaje edota ganberan) kalera ateratzea eta nolabait beste bizitza bat ematea. Dirua ateratzeko badira beste plataforma batzuk”. Azoka bera irailaren 20an izango da, 11:00etatik 13:30era.

Plazabizi Jaia ostiralean izango da, arratsaldean, 16:30etik 20:00etara, “Mugikortasun Asteari ekarpena egiteko”.

Oro har, “herritarrak erdigunean jartzen dituen herri-eredu baten aldeko apustua da, eta auzoko bizigarritasuna, osasuna eta gizarte-harremanak hobetzea du helburu nagusi”.

Horrela, ekitaldiaren beste xede bat “Plazabizi egitasmoa bera auzotarrei ezagutzera ematea da”. Eta horretarako zenbait gune izango dira:

  • A eremua, Arimazubi plazan: Txatxilipurdi taldeak haurrentzako balance bike zirkuitua eta eskulan tailerra eskainiko ditu eta ThinkFast-en esku-hartze artistikoa izango da.
  • B eremua, Arrasate pasealekuan: Plazabizi proiektuaren diagnosiaren panelak aurkeztuko dira, eta informazio gune ezberdinak izango dira, besteak beste Plazabizi, Ciclogreen APPa eta jarduera fisikoaren onuren ingurukoak.
  • C eremua, Santa Barbararako bidean, eliza kanpoan:  Oreka Cycling Spacek bizikleten erakusketa eta frogak antolatuko ditu.
  • D eremua, Santa Barbara azpian: Haur eta familien jolasguneak izango dira, ur-bideak, buztina, mandalak eta lokatzarekin artea egiteko. Bisita gidatuak ere egingo dira Santa Barbarako ondare historiko eta naturala ezagutzeko.

Ekitaldiak “adin tarte ezberdinetara zuzendutakoak izango” direla baieztatu du Maddi Fernandez de Larrinoak.

Ekimen honen sustatzaileak dira, besteak beste: Gizabidea Fundazioa, Arrasateko Udala, ArantzazuLab, Arizmendi Ikastola, Arrasate Herri Eskola, Arrasateko Nagusien Kontseilua, Athlon, Besaide, Ciclogreen, Debagoieneko Mankomunitatea, Emun, Fagor, Ikerlan, Maraka, Mondragon Unibertsitatea, Tipi eta Txatxilipurdi. Proiektua Kutxa Fundazioak finintzatua da.

Egitarau osoa jarraian:

● Irailaren 13an, zapatua
Nola elektrifikatu nire bizikleta? Debagoieneko Mankomunitateak eskainitako ikastaro praktikoa, doan. Euskaraz. 2 saio: 9:30-11:30 eta 12:00-14:00. Izen-emateak: mugikortasuna.debagoiena.eus
● Irailaren 16tik 22ra
Herri busa doakoa aste osoan zehar
● Irailaren 16tik 20ra Eskolara Oinez: Arrasate Herri Eskolara goizero oinez joateko ekimena, 2. eta 3.
zikloko ikasleei zuzenduta eta Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek gidatuta.
● Irailaren 17a, eguaztena
Bizikletak konpontzeko tailer ibiltaria: MUGI txartel pertsonalizatuarekin, bizikleta berrikusi eta doitzeko doako zerbitzua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.
Zozketak egongo dira MUGIrekin.
● Irailaren 19a, egubakoitza
PlazaBizi jaia Arimazubi auzoan: Modu parte hartzaile eta sormenaren bidez espazio publikoarekiko, mugikortasunarekiko eta komunitatearekiko dugun harremana berreraikitzeko jaia.
● Irailaren 20a, zapatua
BIRZIKLETA AZOKA: Bigarren eskuko bizikleta azoka udal azokan. Mondragones kalean, 11:00 – 13:30.
● Irailaren 21a, domeka
Ibilbide gidatua: PR-Gi 106 Arrasate Arantzazu. 9:00etan Herriko Plazatik abiatuta. Ez ahaztu MUGI txartela bueltarako. Izen-emateak: izenemateak.arrasate.eus edo 943 25 20 00.
● Irailaren 22ra arte. astelehena
Zozketa – Debagoieneko Mankomunitateak antolatuta. Mugi txartelean 20€ kargatzeko aukera! Parte hartu: mugikortasuna.debagoiena.eus
● Iraila eta azaroa bitartean
DBH 1. mailako ikasleentzat bizikleta modu autonomo eta seguruan ibiltzeko ikastaroa.

Klikatu hemen egitaraua deskargatzeko

Iruzkin 1

  1. Berriz komentatzen dut. Bizikletak uzteko leku seguruak eraiki ezkero Arrasaten zehar, seguru, SEGURU, gende askok gehiagok erabiliko zutela bizikleta eguneroko bidai motzak egiteko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen