«Herri zaintzailea helburu: eraldaketarako gakoak» liburuxka aurkeztuko du Udalbiltzak gaur

0
1407

«Herri zaintzailea helburu: eraldaketarako gakoak» liburuxka aurkeztuko du gaur, Arrasateko udaletxeko pleno aretoan Udalbiltzak arratsaldeko 18:00ean. Ekitaldia herritarrei zabalik egongo da eta bertaratzeko gonbita luzatu diete arrasatearrei.

Udalbiltzak, Emaginen eta aditu mahai baten laguntzaz, herrietan zaintza sistema eraldatzeko gakoak biltzen dituen liburuxka bat argitaratu du.

Liburuxkaren aurkezpen nazionalean Udalbiltzako zuzendari Clara Rougetek azaldu zuenez, «egun, ez du inork zalantzan jartzen errealitate soziodemografiko berri baten aurrean gaudela; eta horrek zaintzaren krisia modu nabarmenean areagotu dezakeela», Euskal Herria egoera horretatik salbu ez dagoela gehituz. Horren aurrean, Udalbiltzako Batzorde Eragilean zaintzaren kontzeptua birdefinitzeko beharra ikusi zen iaz, eta eraldatzailea izan dadin zein oinarri izan behar dituen zehaztekoa. Emaginekin elkarlanean diseinatu zuen prozesua eta, ahots anitzak behar zituztela ikusita, erronka berriei aurre egiteko aditu eta arituz osatutako mahai bat eratu zuen, honako partaideak izan dituena, besteak beste: esku-hartze komunitarioan lanean ari direnak, pertsonen zaintzaz hausnartzen dutenak, unibertsitateetako irakasleak, gizarte zerbitzuetako langileak, etxez etxeko langileak, sindikalgintzan ari direnak, edota pentsiodunak. Urtebeteko prozesuaren ostean, emaitza ukigarria da jada: zaintza sistema birdefinitzeko gakoak eskaintzen dituen liburuxka hau.

Emagin arduratu da liburuxkaren erredakzioaz eta bertako kide Ainara Santamariak azaldu zituen argitalpen honen nondik norakoak. «Ezeren aurretik, argitu behar da bertan bildutakoak proiektu zaintzaile posibleak abiatzeko gako batzuk direla; ez da inolaz ere bide baten helmuga, edo prozesu itxi bat», esan zuen. Egungo zaintza erregimena bidegabea dela argudiatu dute, «batzuen esplotazioa baliatzen duelako horretarako».

Hain zuzen, sistemaren trantsizio honetan lagungarri izan daitekeen marko bat zehazten du liburuxkak, bi ildo nagusitan bananduta: lehenak herri zaintzailearen marko orokorra definitzen du, ikuspegi teoriko bat emanez; eta bigarrenak, aldiz, esku-hartze posible baterantz joateko gidalerroak eta pausuak zehazten ditu. Azken hau lurrera ekartzeko, helburu zehatz batzuk eta horiek aurrera eramateko ekintza jakinak proposatzen dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen