Haur eta Guraso Asanbladak bilera irekia antolatu du bere etorkizunaz eta herrian betetzen duen eginkizunaz hausnartzeko. Taldea herriko haur eta familien beharrizanei erantzuteko sortu zen, parte-hartzea, herrigintza eta herri-kohesioa oinarri hartuta.
Ibilbide horretan, asanbladak hainbat egitasmotan parte hartu du modu aktiboan, hala nola Udalak bultzatutako Hezkuntza Kontseiluan, Aniztasun Mahaian eta Plazabizi ekimenean.
Orain, herrian eragile izaten jarraitzeko dituzten indarguneak eta aurrera begirako asmoak aztertu nahi dituzte. Horretarako, asanblada desegin ala indartzen jarraitu erabakitzeko hausnarketa egingo dute, txokolatea eta bizkotxoak partekatuz.
Deialdia herritar guztiei dago zuzenduta, orain arte asanbladako kide izan direnei zein inoiz parte hartu ez dutenei. Antolatzaileek, bereziki, herriko haur eta familien egoeraz kezkatzen diren haur eta gurasoak gonbidatu dituzte bilerara, taldearen etorkizuna elkarrekin erabakitzeko.




