Argazkia: MB artxiboa / Beheko testua: HGA.
Haur eta Guraso Asanbladatik egin ditugu dagoeneko hiru bilera Arrasateko Udalarekin Osoko Bilkuran jolas parkeen ereduaren inguruan mozio onartu zenetik.
Azken bilera martxoak 9an egin genuen, Udaleko mantenu eta zerbitzuetako arduradunekin, eta bertan azaldu ziguten zein asmo daukaten Santa Barbarako haur parkea berriztatzeko prozeduraren inguruan.
Beraiekin hitz egin eta gero, eta irakurri ondoren beraiek luzatutako txostena, asanbladako kideak elkartu egin gara eta hainbat gurasoen artean balorazio hau egiten dugu:
• Parke ereduen inguruan lanketa egiteko ez dela herriko beste eragileei gonbidatu parte hartzera, mozioan eskatu eta onartu zen bezala, uste dugu aberasgarria eta beharrezkoa dela herriko beste interesdun eta adituei gonbidapena luzatzea; ikastetxe, elkarte, auzotar, etab.
• Santa Barbarako haur parkea berriztatzeko aurkeztu diguten prozeduraren datak oso itxiak direla, eta lau egunetako epea eman digutela soilik ekarpenak egiteko. Gainera, parkearen diseinuaren erakusketa, bozketa eta aukeraturiko diseinuaren iragarkia maiatzean zehar egitea aurreikusten da, beraz, helburu elektoralisten lotuta ez ote dagoenaren susmoa daukagu.
• Gainera, gure taldeak parte hartzeko Udalarekin egin ditugun bilera guztietan bertaratzeko nahiko zailtasun izan ditugu, ordutegiak beti proposatu dizkigutelako Udal langileen lan orduetan, eta beraz, gurasoak lan eta zaintza arrazoiengatik eragozpenak izan ditugu bertaratzeko.
• Bilera hauek guk parte hartzeko baino, uste dugu izan direla Udalak guri informazioa emateko bakarrik, aurkeztu diguten planteamenduak oso itxiak izan direlako eta proposamenak jasotzeko irekitasuna zalantzagarria iruditzeaz gain, oso denbora tarte txikia utzi digutelako ezer berria aurkezteko; adibidez, zergatik berriztuko da Santa Barbara parkea kontserbazio egoera onean baldin badago, eta gainera, berdegunez inguratuta baldin badago, eta beraz, natur elementuak bertan txertatuta baldin badaude iadanik? Zergatik dago guztiz itxita Santa Barbara eremuaren azalera eta ez da jasotzen berdegunearen malda horiek jolas eremuaren aukera barruan? Zergatik ez da aurreikusi Obenerrekako parkea berrizteko eredu naturala eta ez betiko eredu tradizionala?
• Orain arte berriztu diren parke guztietan egon den parte hartze prozesua salatu genuen oso gainazalekoa delako, batez ere, oinarritzen zelako lau parke ereduen artean herritarrak erabakitzeko aukeran, baina, gehienetan irizpide estetikoen arabera bozkatzen zena. Kasu honetan prozesua termino berdinetan egitea planteatu digute, soilik gehitu dute parkeari elementu naturalak gehitzearen borondatea, eta eskertzen dugu irizpide hori gehitu izana, baina, prozesua bera pobre geratzen dela uste dugu. Ez baitira inguruko beharrak aztertu, diagnostikorik egin, zertan jolasten den, non jolasten den, zein adinetako eta motako haurrak jolasten diren, nolako gazteak edo helduak egoten diren, etab.
• Uste dugu prozesu zabalago batek ekarpen interesgarriagoak egingo lituzkeela eta herritarren beharretara hobe egokituko litzatekeen proiektua lortuko litzatekeela; este baterako, elkarbizitzarako horren garrantzitsuak diren jolas komunitariorako aukerak (txirrista zabalekin, taldeko ziburuak…).
Hau guztia kontuan hartuta, Haur eta Guraso Asanbladako kideok adierazi nahi dugu ez garela kontuan hartuta sentitzen eta ez gaudela ados prozesu honek hartu duen bideaz. Horregatik, eskatu nahi diogu Arrasateko Udalari gaia birplanteatu dezala eta mozioan jasotako terminoak aplikatzen has dadila gurekin elkarlana mantendu nahi baldin badu, behintzat.