Haur denek jostailuak izateko, kulturarteko azoka solidarioa egin da

0
2154

IMME elkarteak prestatu du eta parte-hartzaileen artean siriar, saharar, marokoar, latindar, euskal eta bestelako jatorritako lagunak izan dira. Abenduan jostailu banaketa egingo da. Elkarteko Djamila Zereiby ordezkariak berretsi du “bake eta harmonia nahi ditugula beti gizarte osoarentzat”.

Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkarteak hainbat urtez prestatu du azoka hau.

Aurtengo edizioa atzo goiz eta eguerdian ospatu zen Biteri plazan “haur denek jostailuak izan ditzaten”.

Merkatuko hainbat stand IMMEk berak prestatu zituen, eta besteak siriar, saharar, marokoar edo latindar jatorriko ekimenek.

“Azokako parte-hartzaile guztiak gustura sentitu daitezen era askotako musika jartzen dugu” baieztatu digu IMMEren Djamila Zereiby ordezkariak.

“Euskarazkoa, afrikarra, latindarra, arabiarra, siriarra, denetariko musika jartzen dugu azokan”. IMME elkartean bertan ere “aniztasuna dago, eta tartean euskaldunak edota latindarrak ere badira”.

Izan ere, elkartearentzat “garrantzitsuena taldean lan egitea da, indiferentzia kulturalak edota erlijioak alde batera utzita. Guztiok pertsonak gara”.

Ildo honetan, IMMEk azaroan jostailuen bilketa egiten du, eta banaketa abenduaren 21ean egitekoa da, Seber Altube plazan Udalak muntatzen duen karpan.

Oro har, Djamila Zereiby IMMEko ordezkariak adierazi du “bake eta harmonia nahi ditugula beti gizarte osoarentzat, bai migrantea baita harrerakoa ere. Ez dugu gatazkarik behar”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen