Asteburu hontan ospatuko da Ziorla Fest jaialdia. Musakolakoak, auzoko jaiez asetu gabe, Jai Batzordeak Ziorla Fest jaialdia antolatu du bigarren aldiz, ostiral, zapatu eta domekarako. 13 talde eta artistak hartuko dute parte jaialdian.
Ziorla Fest jaialdiaren bigarren edizioa izango da. Lehen edizioa pandemia garaian ospatu zuten, auzoko giroa berreskuratzeko. 2021ean ezin izan zuten eguna nahi bezala ospatu, pandemiaren murrizketen erruz. Oraingo honetan, egoera guztiz desberdina dela, jaia berreskuratzea nahi izan dute.
Julene eta Unaik irekiko dute Ziorla Fest jaialdia, bihar, ostirala, Gaindegi tabernan arratsaldeko 20:00etan. Larunbatean, urriak 28, beste sei emanaldi izango dira. Eguna Arrasateko Gaiteroak irekiko dute goizeko 11:00etatik aurrera. Eguerdiko 12:30etan Iluna eta Josu tabernen artean Garazi eta Sala arituko dira.
Arratsaldeari dagokionez, 17:00etan Jey Juliwer tabernan Jim TNT arituko da. Ordu berean, Herri Eskolako aterpean, gaztetxoentzako diskofesta izango da, DJ Goikoren eskutik. Bestalde, Beberly tabernan Hankaz Gora taldeak kontzertua eskainiko du arratsaldeko 18:00etan. Plater nagusia San Isidro plazan ospatuko den San Isidrockarekin iritsiko da, Hauek, Oihu!, Suzio13, Zeker eta Des-Kontrol taldeen parte-hartzearekin.
Igandean beste bi kontzertuk emango diote amaiera jaialdiari, eguerdiko 12:30etan hasita. Ziorla tabernan Tolin mariatxia arituko da eta Txinato tabernan Patxi Luque bakarlaria. Horrela emango diote agurra asteburu bizi honi.




