Harremanek Garapenerako Lankidetzaren partida handitzea eskatu du

0
1886

Harreman elkarteak erakundeei, eta bereziki, Debagoienako Udalei eskatu die Garapenerako Lankidetzaren partida handitzeko, aurrekontuetan %0,7ra iritsi dadin.

2026ko ekitaldiko aurrekontuak prestatzen hasi dira dagoeneneko Debagoienako Udal gobernuak eta hori dela eta, Harreman elkartetik Garapenerako Lankidetzaren partida handitzeko eskakizun formala egin dute. Asmoa da, partida hau %0,7ra igotzea. “Herri pobretuekiko dugun elkartasuna berrikusteko une egokia izan daitekeela uste dugu, izan ere Harremaneek Euskal Herriko herritarrei gogorarazi nahi die Europako herrialde aberatsenen artean gaudela”.

Aberastasunaren birbanatzea

Datorren urtean berrogeita hamar urte beteko dira Jose Maria Arizmendiarrieta zendu zenetik eta haren hitzekin azaldu gura izan dute eskakizuna: “Pertsonok aberastasuna birbanatu behar dugu, mundu justuagoa lortzeko”, baina “lehenik eta behin aberastasun hori sortu egin behar dugu, pobrezia banatzeak ez baitu zentzurik”.

“Munduan aberastasuna birbanatzeak eta sortzeak izan duten bilakaerari begiratzen badiogu, ikusiko dugu oraintsu arte biak izan direla positiboak eta itxaropentsuak gizateriaren ongizatearen bilakaeran. Ahaztu gabe gure planetan, mila milioi pertsona inguru pobrezia larrian bizi direla” adierazi dute Harreman elkartetik.

“Gaur egun, aberastasunaren sorkuntzak eta birbanaketak bide desberdinak hartzen hari dira. Alde batetik, mundu mailako aberastasunak gora egiten jarraitzen duela ikusten dugu, baina gero eta gehiago aberastasun hori biltzen ari da modu eskandalagarrian”. Nazio Batuen Idazkaritza Nagusiaren datuen arabera: “munduko 26 pertsona aberatsenek munduko biztanleriaren erdiak bezainbesteko aberastasuna dute”.

Murrizketak “ugaritu egin dira”

Arlo honetan, Donald Trump presidenteak Ameriketako Estatu Batuetako Nazioarteko Garapenerako Agentziari (USAID) emandako %80ko murrizketa kritikatu du Harremanek: “Murrizketa honek, 14 milioi hildako eragin ditzake datozen urteetan, eta heriotza horien herena haurrak izango dira, ISGlobal nazioarteko ikerketaren arabera. Gainera, bihozgabea da Elon Muskek, munduko pertsona aberatsenak eta Trumpen gertuko aholkularia izandakoak, USAID agentzia suntsitzeagatik pozarren zegoela esan izana”.

“Garapenerako Lankidetzari kolpe hau ez dator bakarrik. Europako gure inguruko herrialdeak, hala nola Alemania, Erresuma Batua eta Frantzia, murrizketekin bat egiten hasi dira. Europar Batasunaren murrizketa berri horiek, ze ondorio dakarte? Erantzuna argia da, heriotza gehiago eta sufrimendu gehiago, Munduan hainbeste murrizketa eragin ditzaketen heriotzen kopurua handia izan daiteke, nazien kontzentrazio esparruetan exekutatutako pertsonena baino handiagoa (juduek, presoek, ijitoek, desgaituek, disidenteek, gayek eta abar barne)” gehitu du Harremanek.

Badaude albiste onak

Harremanek adierazi duenez, badira albiste positiboak: “Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak iaz onartu zuela BPGren % 0,7 Garapenerako Lankidetzara bideratzea pobrezia desagerrarazteko, NBEk 2030 Agendan ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuen ildotik. 17 helburu orokor dira pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztientzako bakea eta oparotasuna bermatzeko”.

Hurbileko erakundeen betetze-maila aztertuko dute

Azkenik, azterketa sakona proposatu dute, “gizarteak elkartasunean aurrera egin dezan”. Izan ere, hurbileko erakundeen asmoak positiboki ikusten badituzte ere, hauen betetze maila nolakoa den aztertu gura du Harremanek: “Horretarako, horri buruzko azterlanik badagoen ikertuko dugu, eta Debagoieneko udalei dagozkien datuak ere jasoko ditugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen