Emakumeen* Kontrako Indarkeriaren Aurkako egunari begira, Arrasateko Emakume Txokoak, Mugimendu Feministarekin elkarlanean egitarau berezia antolatu du “Nik sinisketan dotzut, eta punto” lelopean.
Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.
Emakumeek pairatzen dituzten egoeren inguruan herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa areagotzea izango dute oinarri aurten ere Emakumeen* Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunaren baitan Arrasaten antolatu diren ekintzek.
Arrasateko Emakume Txokoak egitarau berezia antolatu du azaroaren 25aren harira Mugimendu Feministarekin elkarlanean “Nik sinisketan dotzut, eta punto” lelopean. Zalantzan jarritako emakumeen kontakizunei eta isildutako bizipenei ahotsa ematea du helburu leloak.
Indarkeria matxistaren aurrean konpromiso kolektiboa eta indibiduala sustatu nahi dira antolatutako ekintzen bidez. Alde batetik, azaroaren 25ean 19:00etan Seber Altube plazan elkarretaratzea eta ekitaldia egingo dira eta antolatzaileek dei egiten diete arrasatear guztiei parte har dezaten.
Bestetik, abenduaren 2an, 19:00etan Kulturateko klaustroan “Nik sinisten dizut” irakurraldi kolektiboa egingo da, emakumeen aurkako indarkeria eta biolentzia mota desberdinak ikusarazteko eta emakumeen bizipenak aitortzeko eta erreparaziorako bidean jarraitzeko.
