‘Guztiendako jolasa’ diseinua aukeratu dute Zerrajerako parkerako

0
1509

Udalak irailaren 19tik 30era ireki zuen parte-hartze prozesua, eta 985 pertsonak hartu dute parte, gehienak (871) eskolen bidez.

Testua: Arrasateko Udala.

Herritarrek aukeratu dute Zerrajera parke berriaren diseinua: ‘Guztiendako jolasa’, Sumalim enpresa espezializatuaren proposamena, izan da boto gehien lortu dituen diseinua (381). Emaitzak honako hauek izan dira:

  • Guztiendako jolasa: 381 boto (Eskolak: 338; Webgunea: 25; BAZ: 18).
  • Dragoiaren kondaira: 209 boto (Eskolak: 183; Webgunea: 17; BAZ: 9).
  • Erreka emaria: 175 boto (Eskolak: 161; Webgunea: 10; BAZ: 4).
  • Lagun artean: 143 boto (Eskolak: 125; Webgunea: 12; BAZ: 6).
  • Piratak: 68 boto (Eskolak: 64; Webgunea: 4; BAZ: 0).

Udalak irailaren 19tik 30era ireki zuen parte-hartze prozesua eta 985 pertsonak parte hartu dute, gehienak (871) eskolen bitartez. 68 boto udal webgunearen bidez jaso dira, 37 BAZen eta 9 baliogabeak izan dira. Udalak eskerrak eman dizkie parte-hartzaile guztiei inplikatzeagatik, bereziki ikastetxeetako irakasleei eta ikasleei.

Aukeratutako proposamena, ‘Guztiendako jolasa’, bi gunek osatzen dute: bata, bizikletan edo patinetean ibiltzeko skate park estiloko gunea; eta bigarrena, lau elementurekin: zabua, txirrista eta sareen gunea, jolasgunea eta salto egiteko gunea.

2023 hasieran berrituko da parkea

Zerrajera kaleko haur-parkeak 505 metro karratuko azalera du. Parkea egiteko aurrekontua 100.000 eurokoa izango da, eta eskaintzen diren jolasak, neurri batean, minusbaliotasuna duten haurrentzat egokituta egongo dira.

Proiektua arrasatearrei kalitatezko instalazio eta zerbitzu publikoak eskaintzeko etengabeko estrategiaren barruan kokatzen da, kasu honetan herriko haur eta familiei zuzenduak.

Laster jarriko da martxan parkea eraberritzeko obraren lizitazio-prozesua, eta aurreikusten da hobekuntza-obrak 2023 hasieran hastea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen