Gurutze Gorria boluntario bila dabil adinekoei laguntzeko programarako

0
745

Testua: Debagoieneko Gurutze Gorria

Debagoieneko Gurutze Gorriak gero eta adineko gehiago hauteman ditu bakardadean, bizi-kalitateari eusteko zailtasunak dituztenak. Biztanleriaren zahartzea, oztopo ekonomikoak edo gizarte- eta familia-egituretan bizitako eraldaketa dira errealitate horren atzean egon daitezkeen arrazoietako batzuk.

Egoera horren aurrean, Debagoieneko Gurutze Gorriaren batzarrak, ia 100 boluntariok osatua, adinekoei laguntzeko boluntariotza-proiektua indartzen jarraitzea proposatzen du. “Hilean behin pare bat orduz bisitatu nahi ditugu, bikoteka, bakarrik bizi diren eta Gurutze Gorriaren ahultasun-irizpideak betetzen dituzten adineko pertsona horiek”, azaldu du Marta Usabiaga Gurutze Gorriko boluntario eta proiektuaren erreferenteak.

Programa solidario hori garatzen jarraitzeko, Gurutze Gorriak dei egiten die gizarte-kezkak dituzten Debagoieneko herritar guztiei, eta boluntariotza-jarduera bat hastea proposatzen die. Ez da aurretiko prestakuntza berezirik behar, enpatia eta jarrera ona baino ez. Eskainitako denbora aldakorra izan daiteke, pertsona bakoitzak lagundu dezakeenaren eta lagundu nahi duenaren arabera. “Hileko bisita horiek txandaka egingo dituen boluntario taldea sendotu nahi dugu, taldean pertsona bakoitzak gure esku-hartzeak aberasteko eta hobetzeko dituen esperientziak eta trebetasunak partekatuz”, azaldu digu Usabiagak.

Lankidetzarako eta elkartasunerako sare komunitarioak indartzeko beharra gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da gizarte aurreratuetan. Indibidualismoaren eta bakardadearen aurrean, “auzo-laguntza” kontzeptuak protagonismo berritua hartzen du garai hauetan. Ikuspegi horri jarraiki, Debagoieneko Gurutze Gorriaren lehentasuna esku-hartze sozialeko programek markatzen dute gaur egun.

Azken urteotan, Gurutze Gorriak zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzendutako programa bat garatu du Debagoienean, osasun-tratamenduak jarraitzen laguntzeko eta bizimodu osasungarriago baterako jarraibideak emateko. Proiektu honetan, Gurutze Gorriak aurrerapauso bat eman nahi du, eta adinekoei lagunduko dien boluntariotza-sare komunitario bat bultzatu. Boluntariotza-talde hori sendotu daitekeen neurrian, jarduera Debagoieneko zortzi herrietan gauzatu ahal izango da: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Gatzaga eta Oñati. Gurutze Gorriak koordinatuko du, San Prudentzioko egoitzatik. “Boluntario berriak sartzeak adinekoei auzo-laguntza emateko taldeak bultzatzen laguntzea espero dugu. Gure adinekoek Gurutze Gorriko boluntarioen bisita jasotzen duten irribarreak merezi du” ondorioztatu du Usabiagak.

Boluntariotza deialdi honi edo Gurutze Gorriak gaur egun garatzen dituen programei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Gurutze Gorriak San Prudentzion duen egoitzarekin, 943 765 576 telefonoan edo altodeba@cruzroja.es helbide elektronikoan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen