Joan den urriaren 28an Kulturateko klaustroan erakusketa inauguratu ondoren eta Gaztetxean Perlata eta Zeroren kontzertuaren ostean, gaur arratsaldeko 18:00etan, Gaztetxean, Ipar Irlandako punkaren eztandaren inguruko ‘Good vibrations’ dokumentala proiektatuko da Ez Donk Amaitu ekimenaren barnean.
Ez da izango ekimen honen barruan disfrutatu ahal izango den dokumental bakarra, azaroaren 9an Amaia Udal Antzokian dokumentalen ziklo bat inauguratuko baita (dokumental guztiak 19:30ean hasiko dira).
- Stiv Bators: “musikari amerikar hau Arrasaten izan zen, eta talde handietan parte hartu zuen: New Church, Dead Boys,… Dokumentalak atzerriko musika eszena asko islatzen du”. Emanaldia azaroaren 9an izango da.
- White Riot: “Ingalaterran arrazakeriaren aurkako mugimenduari buruzkoa da, eta gaurkotasunezko gaia da, orain gutxi Voxekoak hemen egon baitziren. Eskuina gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta nola jokatu horren aurrean”. Azaroaren 16an.
- The Allins: “Musikari amerikar baten inguruko dokumenatala, oso polemikoa, eta bere amak kontatzen du. Nolabait hainbat punkiren amen omenezkoa da”. Azaroaren 23an.
- Queercore: “Kanadan eta Estatu Batuetan egindako dokumentala da, gay eta lesbianen mugimendua punk eta hardcorean”. Azaroaren 30ean.
Bestalde, Kulturateko areto nagusian, 3 mahai-inguru egingo dira, musikarekin lotuta: “80. hamarkadatik abiatuta, gaur egunerantz”:
- ‘Rocka eta Euskera, zozoak beleari ipurbeltz’: Hertzainak taldeko Josu Zabala, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria Garbiñe Ubeda, eta Belako taldeko gitarrista Josu Ximun arituko dira. Azaroaren 10ean.
- ‘Rocka eta Feminismoa, zertan egin dugu aurrera 80 hamarkadatik’. “Punk inklusiboa zen eta feminismoak bazuen lekua, edo ez?”. Itziar Ziga idazle oso polemikoa, Emagin-eko kide eta kontzertu antolatzaile Miren Aranguren, eta maskulinitatearen inguruko tesia egin duen Jokin Azpiazu soziologoa arituko dira. Azaroaren 17an.
- ‘Rokanrola drogie donk’: “Lazkao Txiki bertsolariaren ateraldi batetik abiatuta (“Ingelesa, rokanrola eta hori danoi drogie donk”) 80ko pasarteak azalduko dira”. Gregorio Galvez Radio Popularreko irrati esatari jubilatua, Aurora Beltran Taures Zurdoseko front-womana, eta Gotzon Hermosilla idazle eta kazetari barakaldoarra (punka eta hardcore sakon ikertu dituena) arituko dira. Azaroaren 24ean.
