Giza Liburutegiaren V. edizioa ospatu da Kulturaten

0
394


Bibliotekaren Egunaren barruan, gaur arratsaldean Kulturaten Giza Liburutegiaren V. edizioa ospatu da. Mundu mailako liburutegietan garatzen den jarduera da, komunitatea sortzea helburu duena, tolerantzia eta kohesio soziala garatuz. Horretarako, liburutegiak herriko pertsonak gonbidatzen ditu entzule talde txiki bati euren esperientziak edo proiektuak kontatzera, 15 minutuko hitzaldietan.

Aurten sei lagunek kontatu dituzte euren istorioak: Irene Aguriondo, Moulay Ely Mohamed Elkhelil, Désirèe Ots, Antton Zabaleta eta Ixotz Louyest. Entzule gisa 20 bat lagunek eman dute izena, baina beste batzuk hurbildu dira arratsaldearen zehar istorio hauek entzutera.

LIZTORRAK: OSPE TXARRETIK HARATAGO. Xabier Herrarte

Xabier Herrarte naiz eta Vespa Velutina delako liztor asiarraren inbasioa kontrolatzeko udalak duen teknikari arduraduna naiz. Erakutsi nahi nuke, alde batetik, liztorren bizitza zikloa nolakoa den, zein habitat eta elikadura duen, zein ezaugarri edo jokabide duen, eta delako liztor asiarraren inbasioak nolako eragina izan duen bertako erle, eta orohar, intsektuen inguruan. Bestalde, lortu nahi nuke, hein handi baten, animalia hauen ospe txarra, eta askok dioten fobia, kontrolatzen laguntzea. Errespetatzen erakutsi eta bioaniztasunaren aldeko jarrera lantzea nahiko nuke, intsektuak diren edozer akabatzeko joera baitugu.

ESPAZIO SEGURUAK SORTUZ. Irene Aguriondo

2019an ekintzailetasun munduan sartu nintzen eta gizartean dauden erronkak aztertu ostean BASH (Building Artistic Social Hope) proiektua sortu nuen. Helburua betidanik izan da aniztasun funtzionala daukaten gazteentzako espazio seguru bat sortzea. Musika eta mugimendua oinarri gisa eduki ditugu ondo pasatzeko, ikasteko eta ahalduntzeko. Nire historia jakin nahi?

SAHARAR ERREFUXIATUEN KANPAMENDUAK. Moulay Ely Mohamed Elkhelil

Nire izena Moulay Ely Mohamed Elkhelil da eta Aaiungo kanpamentu sahararrean jaio nintzen. 11 urterekin Lanzarotera joan nintzen “Oporrak bakean” programaren bitartez, eta bertan geratu ahal izan nintzen, nire entzumen-urritasuna zela eta. Saharar herriaren eskubideen alde lan egiten dut eta laguntza humanitarioari esker kanpamendu batean nola bizirauten den kontatu nahi dizuet.

AUTISTAK GARA. Désirèe Ots

Nik 37 urte ditut, Arrasaten bizi naiz eta 5 urteko seme bat daukat. Biok gara autistak. Bera ia 2 urte zeukanetik dago diagnostikatuta. Ondorioz, niri ere orain dela 3 urte diagnostikatu zidaten. Autoezagutza prozesuan nago oraindik, bidea zaila da eta gauza asko ‘berrikasi’ behar ditut, baina aldi berean askatasun bat izan da, orain nire bizitzak zentzua du.

ARBOLETAN GORA LIBRE. Antton Zabaleta

Umetan, etxean, inguruan geneuzkan zuhaitzak zeintzuk ziren erakutsi zidaten. Denborarekin, ikasketak burutuaz, hauenganako zaletasuna eta maitasuna hasiz joan zen. Gaur egun, zuhaitzak zaindu eta behatzea dut gustoko. Horregatik naiz arbolazaina. Arbola puntatan igota naiz libre. Zuhaitzak inoiz baino beharrezkoago ditugu etorkizunari aurre egiteko eta hauen hazkuntza, mantentzea eta segurtasuna dira nire jomuga.

NAIZENA IZATEA. Ixotz Louyest

Ixotz Louyest naiz 83an Murtziako kostaldian jaixotakua, jatorriz collage bat naiz, amaren aldekoak bergararrak. Ama barne, 5 emakumeren artean hazitakoa izan naiz, baina ni inguru hontan hainbat zentzutan “arrotza” nintzela jabetu nintzen oso umetatik. Oso gazte ekin nion sexualitate, izete eta nortasun askapenaren aldeko aliatuak bilatzeari, halako baten ezagutu nittuen sexologiaren eskutik nire antzeko egoeran zeuden hainbat pertsona eta Errespetuz elkartea sortu genuen erkidegoan. Egun ekintzaile independiete gisa ahal doten neurrixan nere ekarpenak nolabait baliogarri izan daittezken eremuetara hurbildu ohi naiz, aniztasunan alde noranahi.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen