Giza Liburutegiaren IV. Edizioa egingo da asteazkenean Bibliotekaren Egunaren barnean

0
340

Iñaki Peñak, Jesusi Etxebarriak, Luciana Alfarok, Yanina Choquek, Josu Tornayk, Amaia Arroyok eta Naiara Gorroñok euren istorioak kontatuko dituzte.

Argazkia: MB artxiboa.

Urriaren 24an Bibliotekaren Eguna da eta ospatzeko, Arrasateko Bibliotekak egitarau zabala prestatu du. Antolatu dituzten ekitaldien artean, Giza Liburutegiaren laugarren edizioa egingo da aurten. Urriaren 27an, asteazkenean izango da, Kulturateko Klaustroan, eta arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Tarte honetan liburuak irakurtzeari buruzko esperientziak trukatzen dira.

Proiektu hau Europa iparraldean sortu zen, eta bere dinamika oso sinplea da. Pertsona batzuk prest daude beren istorioa kontatzeko, eta panel batean egongo dira horiek irudikatzen dituzten azalak. Entzuleak interesatzen zaion istorioa aukeratuko du, eta pertsona horrekin eseriko da entzutera, hitz egitera, 10-15 minutuz. Izen ematea.

Hauek dira urte hauetan entzun ahal izango diren istorioak eta protagonistak:

DOLUEN BIDEAN. Iñaki Peña (euskaraz eta gaztelaniaz)

Bilbotarra naiz adopzioz eta Zarautzen bizi naiz. Orain dela 20 urte hasi nintzen lanean Arrasateko ospitalean, eta bertan ekin nion Zainketa Aringarrietan ibilbideari. Seme moduan izandako bizipen pertsonalek ere eraginda, eta leku askotako bidelagunekin batera, osatu berri dut dolu prozesuei buruzko trilogia bat dokumentalen bidez, Arteman Komunikazioarekin. Garrantzitsua iruditzen zait minbiziak eta gaixotasunek ekarritako doluei buruz hitz egitea, hau guztia konpartitzea. Baita suizidioak, indarkeria (politikoa)k, mendiko istripuek ekarritakoak direnean ere, dolu perinatalak edo beste. Honi buruz egin dezakegu berba.

MUSIKA BIZI. Jesusi Etxebarria (euskaraz eta gaztelaniaz)

Musika lagun dut aitak 4 urterekin solfeoa irakatsi zidanetik. Arrasateko udal bandako zuzendari Justo Munarrizekin hasi nuen solfeo eta piano karrera, eta hark asko irakatsi zidan. Maisu handietatik ikasi ahal izan dut: Juanito Arzamendirekin piano karrera amaitu nuen, Miguel González Bastidak gitarra jotzen irakatsi zidan eta Francisco Escudero konpositorearekin ere aritu nintzen.
Jose Maria Arizmendiarrietak musika eskola bat sortzea aholkatu zidan eta horrela, 1962an, 21 urterekin, solfeo eta piano akademia ireki nuen ikasle gutxi batzuekin. Musika eskaintza zabaltzen jarraitu nuen kantu, txistu eta gitarra klaseekin, eta ikasle askok taldeak sortu nahi zituztenez, gitarra elektrikoa eta baxua jotzen ere ikasi nuen. 2012an erretiratu nintzen, bizitza osoa musikaren irakaskuntzan eman ondoren.

ARRAZAKERIAREN AURKAKO FEMINISTA GISA IZAN DUDAN ESPERIENTZIA. Luciana Alfaro (gaztelaniaz)

Luciana dut izena, Perukoa naiz eta 14 urte daramatzat Bergaran bizitzen. Hemen Euskal Herrian eman dudan denbora guztiaren zati bat militantzia feministari eskaini diot. Hasieran, zalantza eta zalantza asko izan nituen borroka feministaren helburuei buruz, ez bainion erantzuten ikusten eta sentitzen ari nintzen errealitateari. Horrek eraman ninduen denbora batez mugimendutik urruntzera.
Gaur egun, kolektibo feminista mistoetako kide naiz, eta duela bost urte hasi ginen espazio ez-mistoetan elkartzen, kide migratu eta arrazistekin.

Zurekin partekatu nahi nuke. Zerk eragin zidan feminismoarekin adiskidetzea? Nola eta zergatik sortu zen emakume migratuok antolatzeko beharra?; Nola ari gara gure agendak eraikitzen? Nolakoa da emakume migratu arrazializatuen parte-hartzea kolektibo ez-mistoetan? Zer zailtasun eta oztopo daude emakume migratuen kolektibo gisa elkartzeko eta erakunde gisa mantentzeko? Zer espero dugu feminismotik arrazakeriaren aurkako borrokari dagokionez?

PUTZUA ZEHARKATZEN. Yanina Choque (gaztelaniaz)

La Oroyan jaio nintzen, Peruko Andeetan 3700 metrora dagoen meatzari herri batean. Nire gurasoak meatzaritzarentzat lan egin zuten irakasleak izan ziren. Haurtzaroan MRTA eta Sendero Luminosoren indarkeria terrorista bizi izan nuen. 9 urterekin hiriburura joan nintzen, Limara, eta han Zooteknia ikasi nuen Nekazaritza Unibertsitatean. Estudioko bidaiei esker, nire herrialdeko leku eder asko ezagutu nituen. Gaur egun 39 urte ditut eta duela ia 2 urte etorri nintzen Euskal Herrira, senar euskaldunarekin eta alabarekin. Egokitzeko prozesua ez da batere erraza izan, daramadan motxilagatik edo ditugun ohiturengatik, baina integratzeko moduak bilatu eta aurkitu ditut. Oraintxe bertan, boluntario gisa ari naiz emakume migratuen elkarte batean, eta latinoen elkarte bat osatzen ari naiz.

XAKEA BIDELAGUN. Josu Tornay (euskaraz eta gaztelaniaz)

Xakearekin lehen kontaktua oso gaztetan izan nuen, baina lehiatzeko grina berandu piztu zen nigan, dagoeneko 14 urte neuzkanean. Hortik aurrera xakea ia beti nire bidelaguna izan da. Xakeak irakatsi dit, batez ere, mugak nola gainditu eta etengabeko lanak fruituak ematen dituela. Baina xakeak ere bizitza guztirako lagunak eman dizkit eta kultura ezberdinetako jendearengana hurbildu nau. Horrez gain, enpatiaren balioa erakutsi dit; erabakiak etengabe hartzea; epe motza, ertaina eta luzea nola kudeatu; kalkulo sakona eta konzentrazioa lantzea; eta beste gaitasun batzuk nire bizitzan xakearen bitartez integratu ditut. Xakean danetik egin dut: konpetitu, irakatsi, egunkarietan idatzi, torneoak antolatu, jokalari gazteak entrenatu eta orain gainera nire seme-alabekin hobby bezala konpartitu eta gozatu.

TEKNOLOGIA KRITIKOA: TEKNOLOGIA DIGITALA HEZKUNTZAN. Amaia Arroyo Sagasta (euskaraz eta gaztelaniaz)

Ni, berez, Hezkuntza Bereziko irakaslea naiz. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI) bekadun nenbilela, gradu amaierako proiektuan hiperaktibitatea zeukan ikasle batekin lan egitea egokitu zitzaidan: ez zuen ezer egin nahi, ez zen ezertan zentratzen… Egin beharrekoak ordenailuarekin egitea bururatu, eta emaitza harrigarria izan zen: ume horrek dena bakarrik egiten zuen, eta ondo, gainera! Errebelazio moduko bat izan zen, eta hortik hasi nintzen ikertzen zelako harremana egon behar den hezkuntzaren eta teknologiaren artean.

 Egun, HUHEZIko irakaslea eta ikerlaria naiz, eta baita KoLaborategiaren koordinatzailea ere (Gizarte Digitalareko Hezkuntza eta Komunikazio laborategia).

BARNE BEGIRADA IREKITZEN MUNDUA ULERTU NAHIAN. Naiara Gorroño Viteri (euskaraz eta gaztelaniaz)

Betidanik jakin izan dut komunikazioa ikasi nahi nuela eta horrexegatik kazetaritza ikasi nuen Nafarroako Unibertsitatean. Telebistatik pasa ondoren, konturatu nintzen komunikazio garrantzitsuena, eta nire kasuan ahaztuena, nire barnearekin zela. Gorputz Adierazpena deskubritu nuenean, gorputza eta mugimendua izan ziren komunikazio hortara eraman nindutenak. Ibilbideak Andeetako eta Amazonaseko herriak ezagutzera eta bizitzera eraman ninduen, eta mundua ikusteko modu berri bat aurkitu nuen. Begirada hau yogak eta Budismoak zabaltzen jarraitu zuten, eta yoga eta mindfulness irakasle formakuntzak egin nituen.

Nire ibilbidea hezkuntzarekin harremanean egon da: irakasleen formakuntzan mindfulness ikastaroak eta yogako klaseak ematen ditut eta ‘Mindfulness eta irakasleen nortasuna’ tesia irakurri berri dut Euskal Herriko Unibertsitatean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen