Giro ederrean ekin diete Uribarriko bizilagunek San Bartolome jaiei

0
3618

Oraindik ere Arrasaten «beraneante» asko falta direla nabarmena den arren, Uribarriko bizilagunek ez diote hutsik egin urteroko zitari eta giro ederrean hasi dituzte San Bartolome jaiak. Santuaren eguna, berez, astelehena den arren, ostiral eta larunbat honetan Itxaropena plazaren baitan elkartuko dira bertako komunitateko partaideak, kamiseta horiak jantzita eta zapi berdea lepoan zintzilik dutela.

Arratsaldeko zazpietan, dezenteko puntualitatearekin, bota dute jaiei hasiera eman dien etxafleroa eta, pixkanaka-pixkanaka, herritar ugari gerturatzen joan dira festarako deiari jarraiki. Txikienak izan dira festa hasiera horren protagonista nagusiak, eurentzat antolatutako bola-joko txapelketa-erakustaldiarekin eta buruhandiekin.

Pintxo-potearekin are jende gehiago elkartu da ermitaren inguruan eta jarraian, bertaratuek Leire Etxezarreta Learreta eta Eider Garro Letamendiren doinuez gozatzeko aukera izan dute. Gau giro ederrarekin, askok ordu txikietara arte luzatuko zuten festetako lehen egun hau.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen