Beheko testua eta kartela: Gazte Koordinadora Sozialista / Argazkia: MB artxiboa.
Leintzeko Gazte Koordinadora Sozialistatik dei egiten dugu, urtarrilaren 29an gauzatuko diren manifestazioen harira, aurrez egingo diren dinamiketan parte hartzera.
Lehena, Bergaran, gaur urtarrilaren 3an 19:00etan Zubietako Zentro Sozialistan egingo dugu hitzaldia da, eta bigarrena urtarrilaren 7an, ostiralean, arratsaldeko 18:00etan Arrasateko Gaztetxean burutuko den asanblada irekia izango da.
Gaur egungo testuinguruan kokatzen ditugu biak ala biak, baita GKSren jarduna bera ere. Aurreko urteetatik bizkar gainean dugun krisi ekonomiko, sozial zein kulturala handitu du pandemiaren testuinguruak.

Horren aurrean hartutako erabaki politikoek proletalgoen bizi baldintzen okertzea ekarri dute: lan prekarioak, kontratu dualak, ETTak… Hori gutxi balitz, arlo ekonomikoan garestitze orokor bat jasaten ari gara: alokairuen igoera, gasolinaren garestitzea, bidesariak… Hau guztia burgesia etengabeko pilaketa eta hazkunde zurrunbiloan murgilduta dagoen bitartean. Gure bizitza ereduan ere aldaketa nabarmenak jasan izan ditugu; osasun mentalaren okertzea, kultur dekadentzia, despolitizazioaren orokortzea.
Gainera, Estatuek muga berriak jarri dituzte adibidez Covid Ziurtagiria, kontrol soziala areagotzen duen erabakia, europar oligarkiak ezarritako ziurtagiri honek gainera 9 hilabeteko iraungitze epea izango du txertaketa masiboak jarrai dezan, farmazeutiko handien interesak jarraitzen dituen erabaki bat besterik ez da, kapitalaren metaketaren logikan kokatua.
Hori gutxi balitz, emakumeen aurkako erailketak, eskubide zibilen murrizketa, lan-heriotzak, suizidioak, militarizazioa, errepresioa, naturaren ustiapen masiboa… areagotzen ari dira, gure bizitza biolentzia etengabe bat bihurtuz, burgesiaren ofentsiba totala eta agerikoa da.
Egoera hau guztia salatzeko dei egiten dizuegu gaur urtarrilaren 3an 19:00etan Bergarako Zubietako Zentro Sozialistan egingo den hitzaldira, baita ere, urtarrilaren 7an 18:00etan Arrasateko Gaztetxean burutuko dugun asanbladara.
Basakeria kapitalistaren aurrean antolakuntza komunista.