Bisita honetan Arrasateko historiaren sekretuak ezagutu ahal izan dira Ugutz Basauriren eskutik.
Arrasateko Udalaren eta Debagoieneko mankomunitatearen eskutik gaur goizean herria ezagutzeko eta bertako turismoa sustatzeko bisita gidatuak berrartu dira. Hirugarren urtez eskainiko dira jarduera turistikoak, aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita.
Bisita honetan Arrasateko historiaren sekretuak ezagutu ahal izan dira Ugutz Basauriren eskutik, goizeko 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Bi bisitak bete dira, eta estreinatu berri dugun normaltasun berrian hartutako neurriak errespetatuz egin dira.
Hurrengo larunbatean, ekainaren 27an, Arrasateko seme kuttunenen bizipenetan murgiltzeko aukera izango da (Esteban de Garibay eta Pedro de Viteri). Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko da izena arrasate.eus/ezagutu webgunean.

Turismo eskaintza zabala uztailean eta abuztuan:
- Uztailaren 5ean Bedoñako altxor ezkutuetara egingo da bisita Arrasate Zientzia Elkartearen eskutik, eta ondoren auzoko txakolina dastatzeko aukera emango da. Hitzordua 11:00etan hasiko da, Bedoña auzoan.
- Uztailaren 12an, berriz, Murugain mendi inguruari bira antolatu dute goizeko 9:00etan, udalerriko ondare naturala balioan jartzeko eta, tontorrera igo gabe, bide berriak ezagutzeko.
- Uztailaren 19an Gongetako meatzeak, zehazki Udalatx magaleko meatzea bisitatuko da, eta handik ateratzen zen mineral preziatuaren inguruan gehiago ikasteko aukera izango da.
- Uztailaren 26an, Arrasateko ondare industriala izango da protagonista, eta industrializazioak eragindako iraultza urbanistikoaren berri emango da bisita gidatuan, goizeko 11:00etan.
- Abustuaren 2an, Udala Besaidera egingo da bisita goizeko 9:00etan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako muga ezagutzeko.
- Abuztuaren 9an, Arrasateko erromesek amabirjinaren jaia ospatzeko Arantzazura joateko erabili ohi zuten bidean ibilaldia antolatu dute, 8:00etan.
- Abuztuaren 16an ere beste ibilaldi bat egingo da Urkuluko urtegira: Arrasatetik Bedoñara, Larriño auzotik pasatu eta Urkuluko urtegira, handik Aretxabaletara joateko.
- Abuztuaren 23an Arrasateko altzairua ezagutzeko aukera izango da, Arrasaten altzairu preziatua ekoiztu baita mendeetan, oso ezaguna mundu guztian, gaur egungo industriaren aitzindaria izan zena.
- Abuztuaren 27an Murugain mendira joateko aukera izango da Dragoiaren bidetik, kondaira eta historia batzen dituen ibilbidea eginez, goizeko 9:00etan.
