Garbitasun Ordenantzaren zirriborro irekiak herrikideen “erantzukidetasuna lehenesten” du

0
1365

Udalak araudi berria prestazen dihardu, hainbat eragilerekin, eta atzo zirriborroaren aurkezpen irekia egin zuen. Berritasunetako bat da txakurrek “fatxadetan pixa egiten dutenean”, euren arduradunek “ura bota beharko” dutela bertan, “pixa diluitzeko”.

Arrasateko Udalak azpimarratu du “prebentzioa eta erantzukidetasuna lehenetsiko” dituela kaleak garbi mantentzeko.

Garbitasun ordenantzaren zirriborroa “hainbat eragilerekin landu ondoren, Udalak herritarrekin partekatu zuen” atzo, “ekarpen berriak jasotzeko”.

Ordenantzaren zirriborroak azpimarra jartzen du “espazio publikoaren garbitasuna eta zaintza hobetzeko eta errespetuan eta erantzukidetasunean oinarritutako bizikidetza sustatzeko”.

Helburua da “herritarrek, establezimenduek eta espazio publikoan jarduerak egiten dituzten eragileek herriaren zaintzan duten ardura azpimarratzea”.

Zirriborroak arreta berezia jartzen du “animaliek espazio publikoan sortzen dituzten hondakinen kudeaketan”.

Horrela, “txakurren jabeek gorotzak berehala jaso, poltsa itxi batean sartu eta dagokion edukiontzira bota beharko dituzte”.

Halaber, “animaliek fatxadetan, atarietan eta antzeko lekuetan pixa egiten dutenean, ura bota beharko da, pixa diluitzeko”.

Neurri hauekin “kaleen higienea hobetu eta espazio publikoa erabiltzen duten pertsonen arteko bizikidetza erraztu nahi da”.

Ordenantzak ondare historikoa eta espazio publikoak “babestea eta adierazpen askatasuna bermatzea bilatzen du”, kartelak, pankartak eta muralak jartzeko guneak aurreikusiz, “betiere kalterik eta mezu iraingarri edo diskriminatzailerik gabe”.

Ordenantza betearazteko, Udalak “ikuspegi hezitzailea, prebentiboa eta konpontzailea lehenetsi nahi ditu”.

Arau-haustearen izaeraren arabera, “bitartekaritza, hezkuntza-neurriak edo lan komunitarioak aurreikusten dira, eta balizko zehapenak eragindako kalteen araberakoak izango dira”.

Kepa Urteaga Garcia Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoetako zinegotziak azpimarratu du garbitasuna ez dela udal zerbitzuen ardura bakarrik, herritar guztiena baizik:

“Kaleak garbi eta zainduta mantentzea guztion ardura da, eta horretarako ezinbestekoa da herritarren eguneroko konpromisoa”.

“Ordenantza honen helburua ez da zigortzea soilik, jokabide arduratsuak sustatzea eta arazoak aurrez saihestea baizik”.

“Batzuetan, txakurren gorotzak jasotzea edo pixa egiten duten lekuetan ura botatzea bezalako keinu txikiek alde handia egiten dute gure kaleen garbitasunean eta bizikidetzan”.

Horrela, Arrasatek “guztion zaintzan oinarritutako kultura sustatu nahi du: kaleak garbi mantentzea ez dadila izan udal garbiketa zerbitzuen ardura bakarrik, herritarren eguneroko ohiturek eta konpromisoak ere funtsezko eginkizuna izan dezaten”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen