Musikari arrasatearrak berak sortutako abesti bat eskainiko du, baita hainbat bertsio ere. Gainera biharko (asteazkeneko) kontzertua “Kultura sustatzeko aukera bat ere izango da”. Amaia Antzokian arratsaldeko 19:00etan.
Argazkiak: Poli Karpo eta Wikipedia.
Garazik 5 urterekin hasi zen solfeo ikasten, eta duela 4 urte inguru gitarra jotzen ikasten hasi zen: “Hasieran bakarka ekin nion gitarra etxean ikasten, eta aurten Salarekin ikasten hasi naiz”.
Arrasatear honen talde edota bakarlari gustukoenei dagokienez, “betidanik Eñaut Elorrieta gustuko izan dut, bai bere letrengatik baita bere ahotsagatik ere. Arkada Social, Des-kontrol, The Potes, Hesian,… ere oso gustuko ditut”.
Biharko kontzertuan Olatz Salvador abeslariarekin oholtza partekatuko du, eta “aukera oso polita izango da. Nik herrira begira 2021ean hasi naiz, eta uste dut kontzertua niretzat oso aberasgarria izango dela”.
Amaia Antzokiko emanaldian “bertsioak joko ditut gehienbat, eta baita nik sortutako abesti bat ere. Izan ere, banabil sorkuntza lanetan”.
Kontzertuko sarrera guztiak agortu dira eta “Kultura sustatzeko aukera polita izango da”. Biharko eguraldi euritsua iragarri dutenez, kontzertua Monterron parkean egin beharrean, Amaia Udal Antzokian izango da. Ordutegia, ordea, bere horretan mantenduko da: arratsaldeko 19:00etan.
Halaber, Olatz Salvador Zaldua (1990, Donostia) Skakeitan taldean hasi zuen bere bidea 2010ean. Handik lau urtera, ordura arte konposatutako abesti sorta bat lehen aldiz oholtza batera eraman zituen, gitarra lagun. 2018an kaleratu zuen bere bakarkako lehen estudioko lana, ‘Zintzilik’ (Airaka).

Bere webguneak islatzen duenez, asko izan dira Zintzilik (2018, Airaka) diskoaren baitan burututako kontzertuak, hauetariko hainbat Euskal Herriko agertoki garrantzitsuenetan: BBK live jaialdia (Rosalía, The Strokes, Weezer, The Blaze, Vetusta Morla, e.a.), Donostia eta Bilboko Aste Nagusiak, Basque Fest jaialdia, Plateruena Antzokia Durangoko Azokan, e.a. eta Xoel López edota Christina Rosevinge bezalako artisten kontzertuei irekiera ematen aritu da.
Nøgen taldearekin batera, estatu mailako bira arrakastatsu bat abiatu zuen, Madril edota Bartzelona bezalako hiriburuetako aretoak goraino bete zituelarik. Birari itxiera bat emateko, Donostiako Victoria Eugenia aretoan zuzeneko bat eskaini zuen 700 pertsona ingururen aurrean.
Olatzek aurten bere bigarren lana jendarteratu du: ‘Aho uhal’ (2021, Airaka), Pablo Novoa musikariak ekoitzia eta Haritz Harreguy estudioetan grabatua eta nahastua. Salvadorrek 12 abestiz osatutako proposamen landua dakar, hitzetan Alaia Martin edota Ane Labaka bezalako sortzaileen ekarpenak izanik eta, ahotsei dagokienez, Rozalén, Iván Ferreiro eta beste hainbat artisten laguntzaz.




