Frankisten errepresaliatuei omenaldia egin diete egia eta justizia aldarrikatuz

1
2201

Debagoienan kolpistak sartu zireneko 85. urteurrenean, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatuta, gaur eguerdian, Arizmendiarrieta plazan, urtero bezala, frankismoaren errepresaliatuak omendu dituzte, euren omenezko monolitoaren aurrean. Bertaratutakoen artean, biktimez eta haien familiez gain, Debagoieneko alkateak, tartean Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Zuzenbideko eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia eta omenaldian parte hartu nahi izan duten arrasatear ugari izan dira.


Ekitaldia Julia Mongek ireki du:

Debagoienean, errepresaliatuko pertsona guztiak izan dira protagonistak eta haien izenean errepresaliatua izan zen herri bakoitzeko pertsona batek edo haien senideak hitza hartu dute:

Bergaratik, Luzia Farras Laskurainek, bera amakin Bitxori Laskurain eta bi ahizparekin Adela eta Esherrekin Frantziara, eta Kataluinara ihesi joandakoak, aita Ramon Farras Ezkibel Gerra Komisarioa, erbesteratua ere, itzuleran kartzelan bizitakoak gogoratu ditu.

Oñatitik, Manttoni Galdos Urbeloak, bere aita Antonio Galdos Ugarte, Ormaiztegin eraila, Maria Urbeloa Goiri bere ama beretaz haurdun zegoen, lau urte zituela ama hil zen eta umezurtz gazte-gaztetatik geratu zen.

Aretxabaletatik, Olga Etxebarrieta Oteiza, bere aita Jose Maria Etxebarrieta Urbistondo Durangon eraila, zaurituta anbulantzia batean zeramatela, ama Eustasia Oteiza Cortazar, Olga eta bere anaia-arrebak Fernando, Manuel eta Juana erbesteratu ziren.

Arrasatetik, Nati eta Isabel Urionabarrenetxea Zaitegi, bere aita Jose Antonio Urionabarretxea Isasmendi eraila, epaitu gabe Oiartzunen. Bere emaztea Francisca Zaitegi Ceciagak, lau seme-alabarekin, Mª Concepcion, Isabel, Mª Natividad eta Ignacio, aurrera egin behar izan zuen.

Gatzagatik, Pili Elkorobarrutia Gabilondo, bere aita Benigno Elkorobarrutia Iturbe, faxistak sartu zirenenan, mendira ihesi joan zelako ez zen eraila izan, bere bi lagun ez bezala, Jose Salterain Elgoibar eta Valentin Lamarain Leibar. Alabaina, Benigno gerora espetxeratu zuten.

Eskoriatzatik, Arantza Sasiain Etxabe, bere amandrea Emeteri Aranburuzabala Beitia, Marin auzoan bizi zen bere senarra eta zortzi seme-alabekin. Atxilotua eta epaitu gabe, Ondarretako espetxetik Hernaniko kanposantura eraman eta erail zuten.

Antzuolatik, Ixa Aranguren Lizarralde, bere aita Esteban Aranguren Mugika, gudaria atxilotuta gero, ihesi joandakoa Frantziara, itzuleran berriz ere preso sartu zuten.

Aramaiotik, Josemari Velez de Mendizabal Azkarragak, osaba Jose Maria Azkarraga Mozo ‘Lurgorri’ gogora ekarri du. Gudarien gerra komisarioa, Santoñan atxilotua gero, Derioko hilerrian fusilatu zuten.

Elgetatik, Anttoni Telleria Lamarainen hitzak entzun dira omenaldian, bere ama Francisca Lamarain Aranzabal eta aita Pedro Telleria Askasibar faxistek erail zituzten Elgetan, bere alaba Anttoni defenditzearren.

Azken unean, omenaldiak Ibon Aperribairen testigantza ere jaso du, Arrasateko Ramon Aperribai, bere osabak bizitakoak gogoratu ditu.

Arrostaitz Dantza Taldeak, Arrasateko Udalaxpe taldeko txistulariek, Haizea eta Oihana Arana bertsolariek eta Goikobalu abesbatzak Txorbela Otxotearekin batera ere parte hartu dute omenaldian. Azken hauek izan dira lore eskaintzan lagundu dutenak.

Iruzkin 1

  1. Gauza bat dago omenaldi honetan ulertzen ez dudana: errepresaliatu horien familiarrek justizia eta erreparazioa eskatzen badituzte zergatik onartzen dituzte zeremonia horretan frankismoa ren erreforma inolako baldintzarik gabe paktatu zuten alderdi politikoak? Ze espero dute?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen