Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatuta, aurten ere 1936ko gerran errepresaliatuei omenaldia egin zaie Arizmendiarreta plazan, haien izenak jasotzen dituen monolitoan. Omenaldia tropa faxistak Arrasaten sartu zirenetik 87 urte bete diren egunean egin da. Debagoienan hil ziren 126 pertsonen senideek parte hartu dute lore eskaintzan, lagun izan dituzten arrasatear ugarirekin batera. Omenaldian dantzariek, txistulariek eta abesbatza batek ere parte hartu dute.
Omenaldian, Juan Ramon Garai eta Nati Roa Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideek, azaldu dutenez, “nahiz eta 87 urte igaro egia osoa ezagutu gabe jarraitzen dugu”. 1936ko gerran desagertutako pertsonen dokumentazioa eskuratzeko martxan jarri duten ekimen parlamentarioa ere irakurri dute. “Guardia Zibilaren artxiboetan baitago, Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentrora eroan dezaten, eta gero senideei bidali diezaieten. “
Omenaldiaren ostean, “Los niños de Gernika, los niños de Gernika que se refugiaron en la Gran Bretaña” dokumentala proiektatu da Juan Arzamendi Musika Eskolan. Proiekzioan Basque Childreneko Manuel Moreno egon da.













