45 urte dira espainiar estatuko parapoliziek bi arrasatearrak erail zituztenetik. Familiaz “minaz” eta “bizikidetzaz” mintzatu dira, besteak beste. Talde politiko guztiek ekitaldiarekin bat egin dute. Alkateak hitzeman du Udalaren “esku dagoen guztia egingo dugula” bi erailketen erreparaziorako.

Iñaki Etxaberen familiaren izenean, Miren Arejolaleibak, adierazi du 45 urte hauetan “urte hauetan guztietan erakundeen aldetik baztertuak sentitu gara, ez ordea herritarren aldetik, horregatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu herriari. Eskerrak ere gaurko omenaldia bezalakoak antolatzen dituzten pertsona guztiei”.
Sendiak berretsi du Iñaki Etxabek “ez zuela politikan parte hartu”. Bi erailketen ondorioz “bi familia puskatu zituzten Arrasaten aste batean”.
Hala ere, familiako birramona eta ama “gorroto gabe ezin dituzte ama eta osaba-izebak. Nire amak gauza bera egin du nire ahizpa eta biokin. Gorrota alde batera utzi, eta baloreetan hezi”.
Familiak gogoratu du Iñaki Etxabek, 20 tiro jaso zituen arren, “estatuak oraindik ez du biktima bezala onartu. Hori gutxi balitz, Eusko Legebiltzarrak estatuaren biktimak aitortu eta erreparatzeko legea aldatu behar izan du”.
Izan ere, “hasieran abusu polizialen biktimen legea izan behar zuen, baina azkenean giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko legea izan da. Hori izan baita biktimen elkarte eta partidu politikoen errekurtsoak pasatzeko modu bakarra”.
“Aurrera egiteko beste urrats bat da baina beste behin egia osoa ezagutzeko aukera galdu dugu. Horren zaila al da estatuaren polizien biktimak izan garela onartzea eta guztiok merezi dugun ikerketa bat martxan jartzea?”.
“Oraindik zauri asko zabalik daude, eta oraindik oso garrantzitsua da familiarentzat egia osoa jakitea. Egia, Justizia eta Erreparazioa eskatzen ditugu. Soilik horrela lortuko baitugu gizartearentzat hain beharrezkoa den bizikidetza”. “Maite zaitugu aitita Iñaki, mila esker”.
German Agirre Irasuegiren familiaren izenean, Andoni Agirrek izan du hitza. “Nik ere ez nuen aitita ezagutzeko aukerarik izan”.
Azpimarratu du bergarar-arrasatear honek, 36 urte zituela, Legutioko koarteletik 300 metrora erail zutela, tiroka. Emaztea eta bi seme zituen.
Gainera, erailketa hau “difamazioz, gezurrez eta manipulazioz beterik egon zen. Horregatik ere familiak izugarri sufritu du. 45 urte igaro diren arren, amamak ezin du honi buruz negarrik egin gabe hitz egin”.
“Bere seme txikiena, Jokin Agirrek, Irlandako Bake elkarrizketetan parte hartu bazuen ere, familia ez da honetaz manifestatu, gaurko eguna salbuespen. Omenaldi hau batez ere bi alargunei zuzendu nahi diegu bereziki: Mari Angeles eta Mari Karmen”.
Izan ere, “zuek izan zarete 45 urte hauetan gehien sufritu duzuenak”, baina “zuen seme-alabak aurrera atera ahal izan dituzue. Zuentzat besarkada handi bat bihotz-bihotzez”.
Udalaren izenean, Maria Ubarretxena alkateak, talde politiko guztiek adostutako adierazpen instituzionala irakurri du. Guztiek eskertu dute senideen presentzia, izan ere, “jabetzen gara oso bizirik dagoen mina ukitzen ari garela, horregatik mila esker bihotzez gaur hemen izateagatik”.
Gaurko ekitaldiak “izan gura du orain arte izan ez duzuen aitortza eta horren markatuak zenituzten German eta Iñakiren memoria berreskuratzen laguntzea”.
Ekimen honekin “jarraipena eman nahi izan diogu memoriaren eta aitortzaren bideari. 2016an horien aldeko apustua abiatu genuen Udaleko talde politiko guztiek”.
“Gure herrian izandako indarkeriak giza eskubideen urraketa larriak izan dira”, eta biktima guztiei “dagozkie Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko Bermea”.
Alkatearen hitzetan, “prestakuntza paramilitarretako” hiru “lagun” Iñaki Etxaberen jatetxera sartu eta tiroz hil zuten. Ez zen familiak sufrituriko lehen atentatua.
German Agirreren erailketa Iñaki Etxaberenarekin “lotu zen, bai arrazoietan baita egiletzan ere”. Horiek guztiek “konponezinezko mina eragin zuten”.

Hortaz gain, familiek “gezurrak, isiltasunak, gertatukoak argitzeko erakundeetatik jarritako oztopoak, ahanzturak eta ukazioak” sufritu dituzte. Arrasateko Udalak “uste zintzoa du bizikidetza memorian oinarritu behar dela”.
Udalak aitortu du Iñaki eta German motibazio politikoko indarkeriak eragindako biktimak direla. Horrenbestez, “Egia, Justizia eta erakunde publikoen Aitortza dagozkie”. Bide honetan, Udalak “erreparazioa eta pertsonaren duintasuna zentroan jarri nahi ditu”.
Halaber, salatu egin du “bidegabea izan zela estatuaren eskuin muturreko taldeen indarkeria, bidegabea urraketa hauek argitzeko borondate eza, bidegabea familiei aitortza eta memoria eskubidea ukatzea, giza eskubideen urraketa guztiak bidegabeak izan diren bezala”.
“Udal-ordezkari moduan, konpromisoa adierazi nahi dizuegu, gure eskumenen baitan dagoen guztia egiteko”. Oraindik aurrera “ez zarete bakarrik” egongo, eta hitzeman dute “bidaide izango gaituzuela”.
“Gertatutakoa argitzeko eman behar diren pausoetan eta ofizialki biktima homologatuak bezala onartuak izateko, senideen esku jarriko ditugu gure esku dauden bitarteko guztiak”. 45 urteren ostean “berandu bada ere, espero dugu beranduegi ez izatea”.
